Ondarroako Zubi Zahar Ikastolako zuzendariak, Esti Urizarrek, ostegun honetan Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan egindako aurkezpen ekitaldian aitortu du «gogotsu» hartu dutela 2023ko «Ibilaldixe» antolatzeko erronka. Izan ere, Urizarrek azaldu duenez, «mendebaldeko euskararen aitortza» gisa aukeratu dute datorren ikasturteko Bizkaiko ikastolen jaiaren leloa: ‘Xe’.
Zubi Zahar ikastolak 1967an zabaldu zituen ateak estreinakoz, beraz, Urizarrek azpimarratu du eraikinak «urtetxo batzuk» badituela. Hortaz, datorren 2023ko Ibilaldiaren xedeetako bat eskolaren arkitektura egungo behar metodologikoetara egokitzeko, espazio irekiak sortzeko esaterako, baliabide ekonomikoak eskuratzea izango dela jakinarazi du: «Metodologia egokitu dugun heinean arkitektura ere egokitu behar dugu eta horretarako laguntza ekonomiko bat jasotzea helburutzat daukagu Ibilaldi honetan».
Euskararen erabileraren aferan, Ondarroa eta Bilboko egoera «oso bestelakoa» dela aitortu duten arren, 2023ko Ibilaldiaren beste helburu bat euskara eta euskal kulturari «bultzada bat ematea» dela zehaztu du ikastolako zuzendariak.
Leloari dagokionez, ‘Xe’ aukeratu dutela iragarri du Eider Galarragak, Zubi Zahar ikastolako lehendakariak, «‘Xe’. Hizki bik osatzen dute 2023ko ibilaldiaren leloa: x eta e. ‘Xe’. Hizki xehe bi. Hizki jolasti bi. Hain zuzen, horixe egin nahi izan dugu: hizkuntzarekin jolastu; Ibilaldia gurera ekarri. Gure gustuz busti».
Ildo beretik, Galarragak azaldu du Ondarroako hizkeran Ibilaldiari «Ibilaldixe» deitzen diotela, eta hori dela leloaren jatorria. «‘Xe’ esanez hitz egiteko modu bat ez ezik, herri bat ere irudikatu nahi dugu. Euskara berea duen herri bat. Ibili dabilen hizkuntza bat», adierazi du.
Hori horrela, Ibilaldiaren prestakuntza lanak hasi ditu jada Zubi Zahar Herri Ikastolako komunitateak. Izan ere, larunbat honetan, ekainaren 25ean, ospatuko den Zapato Azule festan ikastolak txoko bat izango duela aurreratu dute, eta bertan kamisetak saltzen ibiliko direla.
2022ko Ibilaldiaren balantzea
Bestetik, iragan den maiatzaren 29an ospatutako Ibilaldiaren balantzea eginez, Zaloa Aldatzek, Abusu ikastolako gerenteak, laburbildu du, oro har, «bikaina» izan zela, eguraldia lagun izan zutela eta «helburu guztiak % 100ean» bete zituztela.
Gerturatutako jende kopuruari dagokionez, Aldatzek ez du zifra zehatz bat esan, baina «jende piloa» hurbildu zela adierazi du.
«Abusuk ikusi zuen nola euskaraz gozatu daitekeen. Zentzu horretan oso oso pozik gelditu ginen», goretsi du Aldatzek. Era berean, bereziki nabarmendu du «zorionekoak» izan zirela ez zutela inolako interbentziorik egin behar izan, ez zelako erasorik salatu ezta erregistratu.