Biologia zientzietan doktorea eta Odesako Tuzly Lakuen parke naturaleko aditua den Ivan Rusevek ostiral honetan salatu du Ukrainako gerraren baitan egindako maniobra militarren ondorioz, gutxienez, 3.000 izurde hil direla dagoeneko Itsaso Beltzean.
«Aurreko urteetan ez bezala, izurdeak orain Itsaso Beltzeko jarduera militarren ondorioz hiltzen ari dira, gerra barbaro eta zentzugabekoaren ondorioz», argitaratu du zientzialariak Facebookeko mezu batean, zeina gero ‘Ukraininform’ agentziak zabaldu duen.
Gainera, Rusevek gaitzetsi du Bulgariatik eta Errumaniatik izurdeen heriotzen inguruko berri gehiago iristen ari zaizkiela, eta Itsaso Beltzeko bestelako herrialdeetatik heldutako informazioa kontrastatu ondoren, zientzialariak nabarmendu du atera dituen ondorioak ez direla «oso pozgarriak». «Gaur-gaurkoz, gure estimazioen arabera, gutxienez 3.000 ale hil dira», deitoratu du.
Zientzialariak gogorarazi duenez, azken urteetan beraien kezka nagusia arrantzaleen sareak eta legez kanpoko ehiztariak izaten ziren, horien ondorioz hiltzen baitziren izurde gehien Itsaso Beltzaren ipar-mendebaldean. Alabaina, izurdeen bizia arriskuan jartzen dituzten faktoreak erabat aldatu dira azken hilabeteetan Ruseven esanetan, «errusiarren gerra hiltzailea ez da ukrainarren aurkakoa bakarrik, baita fauna basatiko animali azkarrenen aurkakoa ere; izurdeen aurkakoa, hain zuzen».
«Sonar indartsuek eta leherketek animalien nabigazio sistema sentibera suntsitzen diete eta, ondorioz, izurdeak gosez hiltzen dira; ez baitira arrainak harrapatzeko gai», azaldu du. Izan ere, izurdeetako asko urpeko minen leherketek eragindako erreduren ondorioz zendu dira.
«Izurdeen osasun sistema ahul baldin badago, errazagoa da gaixotasun infekziosoak agertzea eta hauengatik hiltzea», gehitu du biologoak.
Bukatzeko, Rusevek adierazi du bereziki deigarriak direla bai parke naturaleko kostaldean eta bai Itsaso Beltzeko beste herrialde batzuetan agertzen ari diren ale hilen kopurua, beste urte batzuetako sasoi berdinarekin alderatuta. Itsaso Beltzean, oro har, 25.000 izurde inguru bizi direla kalkulatzen dute adituek.