Lakuako Gobernuak, EVEren bitartez, eta Solariak sortutako enpresak, Indarberrik, 200.000 eguzki plakak jarri nahi ditu Arabako Lautadan. Guztira, 300 hektareak hartuko dituzte, bi gune ezberdinetan: ‘Vitoria Solar 1’ eta ‘Vitoria Solar 2’.
Ostegun honetan argitaratu ziren ‘Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian’ aurretiazko administrazio-baimenaren eta ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren eskaerak. Bertan adierazten denez, ‘Vitoria Solar 1’ eguzki-instalazio fotovoltaikoa Gasteiz eta Arratzua-Ubarrundia udalerriei eragingo die.
Eguzki-instalazioak 130,47 hektarea hartuko ditu, eta 99.960 panel fotovoltaiko jarriko dira bertan, 500 Wp-eko potentzia dutenak. Guztira 49.980 kilowatt-peak-eko (kWp) potentzia izango du parkeak, 26,3 milioi euro balio duenak.
‘Vitoria Solar 2’ instalazioak Gasteiz, Burgelu eta Barrundiako landak okupatuko ditu. ‘Vitoria Solar 1’ proiektuan bezala, 99.960 panel fotovoltaiko jarriko dituzte, 49.980 kWp-eko potentziarekin. Baina hartuko duen azalera askoz handiagoa izango da. Kasu honetan, 218,93 hektarea okupatuko ditu parkeak, eta inbertsioa 22,3 milioikoa izango da.
Industria Administrazioaren Arabako lurralde-ordezkaria den Jesus Pascualek sinatutako iragarkian azaltzen denez, herritarrek 30 eguneko epea dute bi proiektuen gaineko dokumentazioa aztertzeko Industria Administrazioaren Arabako Lurralde Ordezkaritzan.