Maite Ubiria

Mugaz gaindiko Elgarrekin gune multimodala inauguratu dute Hendaian

10,7 milioi euroko inbertsioari esker Lapurdi eta Gipuzkoa arteko trenaren bidezko lotura hobetzeko balioko duen Elgarrekin gune multimodala inauguratu dute gaur Hendaian.

Mugaz bi aldeetako agintariak, Hendaiako geltokian.
Mugaz bi aldeetako agintariak, Hendaiako geltokian. (IREKIA)

«Bakarrik azkarrago joan daiteke baina elgarrekin urrutiago», laburbildu du Elgarrekin izeneko gune multimodala inauguratzeko ekitaldian Hendaiako auzapeza den Kotte Ezenarrok.

Finean bi tren geltokiren arramoldatze egitasmoen inaugurazio ofiziala burutu dute gaur Lapurdiko kostako hirian. Biak ala biak badira hilabete batzuk martxan direla.

Alde batetik, Lakuako Gobernuaren bultzadapean EuskoTrenek kudeatzen duen Topo zerbitzua bermatzen duen tren geltokia dago eta, bestetik, SNCF konpainia frantsesaren tren geltokia. Biak berritu dituzte, betiere bi zerbitzuen arteko konexio hobeagoa bilatuz.

18 hilabetez luzatu diren lanak amaiturik, Europako Batasuneko diru funtsei esker eginiko gunearen estreinaldirako Bidasoaren bi aldeetako erakundeen ordezkariak bildu dira gaur goizean Hendaian.

Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak Topo zerbitzua baliatu du Lapurdiko hirira heltzeko. Egun batez agintariak urtero 700.000 bidaiarik erabiltzen duten EuskoTren konpainiaren geltokia zapaldu du.

Bertan zain zituen, besteak beste, Euskal Elkargoko burua, Jean-Rene Etchegaray, Jean Jacques Lasserre, Pirinio Atlantikoen Kontseiku Nagusiko burua; Hendaiako auzapeza, Kotte Ezenarro, eta Vincent Bru diputatua.

Aurreskua eskaini diete agintariei Topoaren geltokian bertan, Hendaia eta Donostia 30 minuturo lotzen duen tren zerbitzuaren ohiko erabiltzaileen harridurarako.

Laster 15 minuturo izanen da Topoa

EuskoTrenek kudeatzen duen geltokia handitu eta modernizatu egin dute, eta bertatik SNCFko tren geltokira zuzenean joatea erraza eta lasaiagoa bilakatu da aterabide berria eraiki dutelako.

Gune osoa oinezkoentzako pentsatua dago. Hala, SNCFren tren geltokiaren aurrean zabalgunea ezarri dute, 5.000 metro koadroko eremu batean lasaiki egin daitezke joan-etorriak.

Espaloiak ere zabaldu egin dituzte eta lanen ondorioak pairatu ondoren inguruko merkatariek terrazak jartzeko baimena jaso dutela mahai gainean jarri du lehendabizi hitza hartu duen Hendaiako auzapezak.

Tren zerbitzua soilik ez, autobusa, taxia edo txirringa ahal dela gunean bertan atzeman, «baita kotxeak uzteko aparkaleku berria ere», azaldu du Parisetik Hendaiara trenez heldu den Marlene Dolveck SNCFko zuzendariak. Urtero 350.000 bidaiarik baliatzen duten tren geltiokiak «nazioarteko tren zerbitzua» bermatzeari begira duen garrantzia oroitarazi du Dolveckek.

Trantsizio ekologikoa eta mugikortasun jasangarria izan dira hizlariek gehien baliatu dituzten kontzeptuak. Izan ere, Elgarrekin gune multimodal berrian bizikletaren erabiltzaileek 83 plaza atzemanen dituzte, autozaleek, berriz, 105 plaza.

Mugikortasun jasangarria

Mugikortasun politika jasangarria mugaz gaindiko harremanen bihotzean jarriko dela azpiegitura berriari esker azaldu du Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko buruak.

«Herritarrei ez zaie gehiegi axola non dauden, Hego edo Ipar Euskal Herrian, beraien desplazamenduak errazagoak izatea nahi dute», laburbildu du.

Gaur gaurkoz mugaz gaindi eginen diren joan-etorrien %85tik goiti autoz eginen direla oroitarazi du. Egunero 45.000 auto inguruk zeharkatzen dute muga, 90.000k uda garaian.

Garraio publikoaren erabilpena apala da oso Ipar Euskal Herrian, %5 ingurukoa. 2030. urteari begira erabilpen maila %11ra heltzeko helburua finkatu du uztailaren 4tik aitzin hiru lurraldeetako autobus zerbitzua Txik Txak markaren pean eskainiko dituen Euskal Elkargoak.

Iñigo Urkulluk, Hendaiako gune multimodal berriak duen garrantzia azpimarratuta ere, aurrera begira bidea egiteko badela adierazi du. Baiona eta Donostia arteko zuzeneko tren lotura izanen dela ondoko helburua azaldu du. Hirugarren erreiari esker 2025rako posible behar luke loturak.

Urkulluk eta Roussetek AHT defendatu dute

Euskal «Y» delakoa EAEko hiriburuetara heltzeko egitasmoa ere aipatu du Urkulluk. Datarik eman gabe ere, oro har Atlantikoko korridorearen garrantzia azpirraratu du lehendakariak eta berak amaitu ondoren hitza hartu duen Alain Roussetek ildo beretik jarraitu du, Bordele eta Hendaia artean AHT berria eraikitzeko «beharra» nabarmenduz.

Ohi bezala egungo AHT linearen saturazioa aipatu du Akitania Berriko presidenteak, kasu honetan «espainiar penintsulatik eta Euskaditik» helduko litzatekeen «trafiko handiari» erantzuteko premia argudio gisa baliaturik.

Alta, Ezenarrok berak oroitarazi duenez «Ipar Euskal Herriko hautetsi gehienek ez dute AHT berri bat nahi, hurbileko tren gehiago baizik».

Bordele-Tolosa-Akize tren lerro berriak eraikitzeko egitasmoak zeharka aipatu ditu Roussetek, Europako diru-laguntzak lortzeko «muga arteko lotura behar dela bermatu» oharra eginez.

Ekitaldia bukatuta, Akitania Berriko presidenteak eta EAEko lehendakariak solasaldian jarraitu dute, konfiantza giroan, kazetariez inguraturik baziren ere. Jean-Rene Etchegaray, oso urrun ez bazen ere, hasiera batean behintzat aparte gelditu da, ekitaldira hurbildu diren beste hainbat hautetsirekin mintzatzen.