NAIZ
Iruñea

Nafar Hezkuntza itun berriak ez duela euskarazko irakaskuntza bermatuko arbuiatu du Kontseiluak

Hezkuntza itun berria sinatuko du Nafarroako Eskola Kontseiluak datozen egunetan eta, Euskalgintzaren Kontseiluaren arabera, ez da euskararen irakaskuntza bermatuko.

Iaz Euskalgintzaren Kontseiluak Iruñean egindako mobilizazioa.
Iaz Euskalgintzaren Kontseiluak Iruñean egindako mobilizazioa. (Iñigo URIZ | FOKU)

Aste honetan, Nafarroako Eskola Kontseiluak Hezkuntza itun berria sinatuko du, hurrengo urteetarako Nafarroako hezkuntza sistemak izan beharreko ezaugarri eta noranzkoaren oinarriak proposatzeko. Euskalgintzaren Kontseiluak salatu duenez, bertan «ez dira ezarriko Nafarroako berezko hizkuntzaren irakaskuntza lurralde osoan bermatzeko oinarriak eta neurriak».

Honen arabera, «Nafarroako milaka haur eta gaztek ez dutela euskararen gutxieneko ezagutzarik izango» arbuiatu du Kontseiluak.

Era berean, «kezka» agertu du «hizkuntzarekiko ezartzen dituen parametroekiko». «Zirriborroan aipatzen den arren ekitatea, kalitatea edo diskriminazio mota guztien ezabatzea oinarri izan behar duen hezkuntza sistemaren alde egiten dela, Nafarroako ikasleen artean euskaraz komunikatzeko gaitasuna bultzatzeaz ari denean, zonifikazioaren arabera egingo dela aipatzen da», nabarmentzen du. Honen ondorioz, eremu misto edo ez euskaldun deitutakoetan euskaraz ikasi ahal izatea ez dela «behar bezala bermatuko ez sustatuko» iritzi du.

Bestetik, eskola curriculumean atzerriko hizkuntzei «euskarari baino protagonismo eta bultzada handiagoa eman nahi izatea» kritikatu du Kontseiluak. «Haur hezkuntzan zein nahitaezko bigarren hezkuntzan ere, atzerriko hizkuntzetan oinarritu eta euskara baztertzen duten ikastetxeak bultzatu nahi dira. Hortaz, Itunaren zirriborroak Barcinaren Gobernuak euskarazko irakaskuntzaren hedapena gelditu asmoz ezarritako PAI programa kontsolidatzea proposatzen du, ikasleek ingelesa ikasteko aitzakiapean, euskararen gutxieneko noziorik gabe uzten dituena», gehitu dute.

Honen aurrean, instituzioei zuzendu zaie Kontseilua, herritarrek Nafarroako berezko hizkuntza ezagutzeko duten eskubidea bermatzeko «betebehar zehatza» dutela adieraziz. «Egungo injustiziak eta eskubide urraketak ez betikotze aldera, etorkizuneko hezkuntza sistemak Nafarroa osoan euskararen irakaskuntza bermatu eta ikasle guztien esku jarri beharko ditu. Eta, bertako hizkuntzaren ezagutza egokia bermatuaz, atzerriko hizkuntzetan ere trebatuko diren irakaskuntza euskaldun eleanitza oinarri bezala ezarriz».