NAIZ

Nafarroa Oinezek ‘Erdian Erein’ kanta eta bideoklipa aurkeztu ditu

Nafarroa Oinezek argitaratu duen 'Erdian Erein' abestiak Nafarroako familiek azken 50 urteetan euskararen normalizazioaren alde egindako lana omentzen du.

Tafallako Garces de los Fayos ikastolak datorren urriaren 16an ospatuko den Nafarroa Oinezeko kanta eta bideoklipa aurkeztu ditu astearte honetan: ‘Erdian Erein’. Abestiaren bitartez, ikastolak familia nafarrek azken 50 urteetan euskararen alde egindako lana omendu nahi izan du eta «euskara ereiten» jarraitu behar dela azpimarratu du.

Abestia Garces de los Fayos ikastolako hainbat belaunalditako ikasle ohiek konposatu eta interpretatu dute, eta Nafarroa Oinez bezalako festa baten inguruan pilatzen diren «oroitzapen, bizipen eta emozioak» islatu eta helarazi nahi izan dituztela azaldu dute.

Amaiur Esparzak gaiaren letra eta melodia sortu ditu. Harekin batera, Maialen Ramirez eta Luana Agerrik jarri diote ahotsa melodiari, Iñaki Hurtado perkusionista lanetan ibili da eta Alaitz Lizarazu izan da kantako baxu jotzailea. Halaber, Endika Irisoren lankidetza ere atzeman daiteke daiteke (Rotten XIII taldeko abeslaria).

Mikel Urizar izan da bideokliparen ekoizlea eta, bertan, Tafallako Ikastolako komunitatearen zati handi batek parte hartu du. Garces de los Fayos ikastolako ordezkariek azaldu dutenez, abestian, modu metaforikoan, «jende askoren laguntzari esker aurrera eramandako proiektu kolektiboa islatu nahi da, egon diren zailtasunak gorabehera».

Abestiaren mamia

Hala, ikastolatik gogorarazi dutenez, duela 10 urte baino gehiago Oinez Basoa (auzolanaz sortutakoa) landatu zen Tafallan; hala, «Nafarroan euskararen erabilera eta presentzia normalizatuz joan da, eta hala, hazi eta zabaldu da Ikastolaren proiektua». Dena den, aitortu dute oraindik «lan handia» dutela egiteko.

Horregatik, kantaren izenburuak eta leloak, ‘Erdian Erein’, «erdialdean euskara ereiten jarraitzeko» beharra gogorarazten duela nabarmendu dute. «Tafallako Ikastola 52 urte bete berri ditu, mende erdia baino gehiago euskararen alde borrokan; eta balantzea positiboa bada ere, argi dago oraindik asko dagoela egiteko», azaldu du 2022ko Nafarroa Oinezen ikastola antolatzaileak.

«Gure hizkuntzaren benetako normalizazio eta berdintasuna lortu behar dugu; horregatik ‘Erdian Erein’. Nekazariek jakin badakite: ezin diogu ereiteari utzi, urteko uzta oso ona izanik ere», adierazi dute.