Karakorumeko denboraldia hasi da dagoeneko, eta lehen jarduera garrantzitsuen berri jasotzeko goiz bada ere, sokada italiar batek, ezustean, ekarpen ederra egin du Nanga Parbat mendian (8.126 m). François Cazzanelli eta Pietro Picco dira protagonistak. Biak ala biak mendi gidariak dira. Bada, bitxia bada ere, talde horrek zortzimilako horren Diamir isurian aldaera berri bat asmatu diote ohiko bideari: “Kinshofer” klasikoari. Eta bitxia diogu; izan ere, italiarrok 1.400 metro berri zabaldu dituzte girora egokitzen ari ziren bitartean.
Aurreratu behar dugu bi protagonistok Italiako Aosta haraneko beste lau mendi gidarirekin (Roger Bovard, Marco Comandona, Emrik Favre eta Jerome Perruquet) espedizioa partekatzen ari direla. Talde honen helburua, jakina, Nanga Parbat igotzea da, baina, horrez gain, ukitu gabe dauden beste mendi batzuk esploratu nahi ditu.
Aklimatazio fase hori, zortzimilakoaren ohiko bidean egin ordez, “Kinshofer”-i aldaera berri bat sortzea otu zitzaien. Eta aurreratu dugun bezala, arrakasta izan dute. 1.400 metro berri horiek honako zailtasun teknikoak dituzte: AI 90º, M6 eta 85º. Irakurtzen den bezala, ez dira batere samurrak.
Omenaldia
Protagonistek esan dutenez, lehenik eta behin Genalo Peak-en (6.606 m) izan ziren. Gailurra ez zuten lortu, baina 6.100 metroko kotara heldu ziren. Ondoren, astebeteko eguraldi txarrak kanpaleku nagusitik irten gabe behartu zituen. Egoera lasaitu zenean, berriro aklimatazio faseari ekin zioten.
Joan den igandean, Cazzanelli eta Piccok oinarrizko kanpalekutik irten, 1.400 metro berri horiek ireki eta 6.000 metrora bat egin zuten “Kinshofer” bidearekin. Hots, ohiko bidearen bigarren kanpalekuarekin. Fase horretan buru belarri zeudenez, jaitsi ziren.
Aldaera (ez da bide berria) horri dagokionez, italiarrok zera adierazi dute: «Lehen metroetan, hots, Diamirreko oinarrian, serac bertikal bat gainditu behar izan genuen. Oro har, inguru horretan serac batzuk daude, baina ez dira oso arriskutsuak. Ondoren, elurrezko aldatsak ditu. Sekzio hori amaitu eta mistoko beste bat eskalatu behar da. Zailtasun tekniko handienak hor kokatzen dira. Mistoko tarte horrek bide klasikoarekin lotzen zaitu».
Aklimatazio fasea bukatu bezain laster, espedizio italiarrak Nanga Parbateko gailurrera igotzea du helburu. Aldaera berriari jarritako izenari buruz, zera aipatu dute: «Alde batetik, Aostako mendi gidariak omendu nahi ditugu. Eta bestetik, express gehitu diogu aktibitate hori kanpaleku nagusitik irten eta egunean sinatu dugulako».

Así eran los 318 muertos a manos policiales o ultras en la alabada «Transición española»

La alcaldesa de Castejón, de UPN, prohíbe usar el carbunclo pomelado tras vincularlo con ETA

3 de Marzo: El recuerdo y la reivindicación obrera vuelven a acabar con carga de la Ertzaintza

Un ciclista fallece arrollado por un camión en la carretera N-634 a la altura de Usurbil
