NAIZ

Polizien kontrolak eta «heriotzaren muga» salatu dute Santiago zubian

Bidasoaldeko EH Baik eta EH Bilduk deituta, elkarretaratzea egin dute ostegun arratsalde honetan Santiago zubian, Polizia espainiar eta frantsesaren kontrolak salatu eta «mugarik gabeko eta pertsona askeen mundua» aldarrikatzeko.

Elkarretaratzea Santiagoko zubian.
Elkarretaratzea Santiagoko zubian. (Bob EDME)

EH Baik eta EH Bilduk kontzentrazioa egin dute Gipuzkoa eta Lapurdi lotzen dituen Santiago zubian ostegun honetako 18.30ean. Ohar batean adierazi dutenez, Bidasoaldeko herritarrak espainiar eta frantziar polizien kontrolen areagotzea pairatzen ari dira azkenaldian Santiago eta Behobiako zubietan, eta horrek haien eguneroko bizitza eta joan-etorri arruntak «oztopatzeaz gain, kontrol sozial eta politikorako» erabiltzen dela salatu dute.

Arturo Villanueva eledunak bertatik nabarmendu duenez, «muga hau inposatu zaigu eta gure eguneroko bizitza oztopatzen du. NATOren gailurra dela, pandemia dela, ‘terrorismoa’ dela esaten digute baina kontrol politiko eta sozialerako tresna badira. Eta are larriagoa dena, Afrikatik eta Asiatik gosetetik eta gerretatik ihesi datozen lagunentzat hilobia bilakatu da. Horregatik ozen esaten dugu ez dugula mugarik nahi Euskal Herrian eta Euskal Herria harrera herria badela».

«Bidasoaldeko herritarrok ez dugu inoiz muga hori ezartzea erabaki ezta inoiz onartu ere. Espainiak eta Frantziak euskal herritarron nahien gainetik inposatutako muga da», salatu dute partehartzaileek.

Egunotan gainera, «Asian, Afrikan eta mundu osoan gerrak sortzearen arduradunak, NATOko kideak», Madrilgo gailurrean bilduta daudela oroitarazi dute. «Aitzakia horrekin areagotu dituzte kontrolak egunotan orain dela hiru urte G7rekin egin zuten gisan. Orduan bezala, orain ere beste mundu bat posible dela aldarrikatu nahi dugu. Mugarik gabeko mundu bat, herri eta pertsona askeen mundu bat», nabarmendu dute.

Horregatik, ikurriñak eskuetan hartu dute partehartzaileek zubia eta geroztik mezu hau zabaldu dute pankarta baten bidez: «Euskal Herrian mugarik ez».