Karamablu herrian badute sinbolo bat, ustezko altxor bat. Mendian dago gordeta, harpe-zulo batean, zeinak munstro bat duen zaindari. Munstroak ez dio inori pasatzen uzten. Hala ere, urtean behin prozesioa egiten dute Karamabluko bizilagunek harpe-zulora eta gurtzen dute zer den ez dakiten altxorra.
Johanes Urzidil idazle txekiarraren ‘Karamabluko Urrea’ nobelan kontatzen den istorioa ekarri du Joseba Sarrionandia euskal idazleak astearte honetan Donostiako Miramar Jauregian abiatu den ‘Euskal Nortasunaren Erronkak XXI. mendean’ Udako Ikastaroko lehen hitzartzera. Onintza Odriozola EHUko irakaslearekin batean sartu da Habanako Unibertsitateko irakasle izandakoa naziogintza kokatu eta zuritzera.
Karamabluko herritarrek deskubrituko dute gurtzen duten altxor hori, finean, ez dagoela harpe-zulo horretan gordeta, «bakoitzaren ezpainetan baizik», argitu du Sarrionandiak. «Hizkuntza edo komunikatzeko gaitasuna bakoitzaren ezpainetan dago eta goizeroko ezti-tanta bat bezala senti daiteke», nabarmendu du.
Gurtu beharrean, lurreratu –ezpaineratu– egin du hizkuntza Sarrionandiak. Zeren, «ez badago ezpainetan, ez dago inon», ohartarazi du.
Nazio edo nortasun eraikuntzan lau planotan ulertu behar dela zehaztu du Sarrionandiak. Lehena, hizkuntzarena, Kramabluko pasartearekin esplikatua eta, horrekin bat, naziotasunaren, politikaren eta botereen politikaren planoa. Plano bakoitzean Euskal Herriak eta euskal herritarrek bizi eta hauspotzen dituzten «desastreak» aletu ditu idazleak, ohiz kanpoko ikuspegiekin argiztatuz drama horiek.
Naziotasunaren planoan esan du «gutasun» sentimendua sartzen dela jokoan, Karl Deutsch-ek ‘Nationalism and Social Comunication’ lanean aipatzen duen «we-feeling» kontzeptua. Idazlearen hitzetan, sentimendu hori, segun eta non, aldatu egiten da: toki batzuetan indartuko du hizkuntzak, beste batzuetan erlijioak edo lurraldeak. Zein da, beraz, naziotasunaren definizio egokiena? «Nazioa komunikazio esparru bat da –esan du–. Euskaldunok beti hitz egiten dugu nazio bat bagenu bezala, poltsikoan eramango bagenu bezala. Baina uste dut eraginkorragoa dela kontrakoa esatea: euskaldunok ez dugu naziorik eta ez gaude oraindik nazioa eraikitzera bideratuta».
Markoa frantsesa edo espainiarra baitugu, bere esanetan: Ondarru edo Lekeitio bezalako herri euskaldunetan «komunikabide irakurrienak espainiar nazionalistak dira», esan du eta, kasu: «Ez dut esperantzarik Espainia edo Frantziatik ezer ona etorriko zaigunik».
Zigurat bat bizi du Euskal Herriak iurretarraren iritziz, espainiar eta frantses estatuen eskutik
Gerora behin eta berriz errepikatu duen erronka eta ondorioa plazaratu du: «Dena dugu egiteko».
Zigurat demokrazia
Politikari edo demokraziari dagokion planoa esplikatzeko Ziro enperadorearen garaira egin du atzera. Plaza huts batean irudikatu du demokrazia Sarrionandiak. Garaiko Grezian, plaza hutsera gerturatzen ziren herritarrak, han baitzegoen tokia jendearen hartu-emana eta iritziak partekatzeko, «kondizionatu gabeko espazioa» baitzen. Zirorentzat, alta, ez zen hori politika: «Persiako sasoi hartako plazan –«zigurat» izena hartzen zuen– ez zegoen espazio handirik, han jainkoaren begia, soldaduak, bankuak, jendeak ezin zuen erdigune horretan egon».
Zigurat bat bizi du Euskal Herriak iurretarraren iritziz, espainiar eta frantses estatuek baitute erdigunea haien «makinaria glotofagoekin», «inperialistekin», «militarrarekin».
Ez da, beraz, demokraziarik. Eta hala ere, «daukagun marko demokratikoena nazio-estatua da», ohartarazi du Sarrionandiak, boterearen politika esplikatzeko ondotik. Estatu horien gainetik baitaude, usu, bestelako botere batzuk: «Hortik gora ez dakigu nork agintzen duen».
Naziogintza nola irakurri
Ikuspegi orokorrago batetik heldu dio gaiari Onintza Odriozolak. Abiatu du bere hitzartzea ekarriz jada maiztuta egonagatik ere, onartuta dagoen ideia: «Aro baten aldaketan gaude, krisi egoeran». Beraz, «kulturek, subjektibitateek edo nortasunek zer etorkizun izan dezakete krisian dagoen mundu honetan?», galdetu du.
Egiteko dagoen hori identifikatzeko, baina, nortasunaz, «gutasunaz» eta nazio-identitateaz aritu baitira Sarrionandia eta EHUko irakaslea, ulertu behar da lehenik, Odriozolaren aburuz, nazio-identitatea eraikitzeko «prozesu ugari eta desberdinak» daudela.
Euskal Herrian, Odriozolaren esanetan, bi nazionalismo mota bereiz daitezke: Sabino Aranarena eta Txilardegiren eskolakoena
Badira nazioa ulertzeko jatorrira jotzen duten adituak, prozesu «biologiko-naturalak edo kulturalak» hartzen dituztenak aintzat. Badira modernistak, aurrekoak kritikatuz defendatzen dutenak kapitalismoak «espazio-denboraren matrizak» aldatu dituela eta hortik sortu direla nazioak, «eraikuntza modernoak» direla. Badaude adituak bi ikuspuntuak hartzen dituztenak kontuan, jatorriko etnietatik hasi eta kapitalismoaren garaiotarainoko «continuum» baten emaitza eta prozesu gisa ulertzen dutenak nazioa.
Euskal Herrian, Odriozolaren esanetan, bereiz daitezke bi nazionalismo mota: Sabino Aranarena eta Txillardegiren eskolakoena. «Arraza-erlijio-nazionalismoa» hirukoan kokatzen zuen lehenak euskal nazioa eta, bigarrenek, hizkuntza hartzen zuten nazio eraikuntzarako ezinbesteko aldagai. Abiapuntua desberdina badute ere, izan «arraza, hizkuntza, kristau morala edo moralitate sozialista», bi korronteek helburu bera dutela nabarmendu du Odriozolak: «Euskal nazio identitatea birsortzea».
Komunikazioaren erronka
Testuingurua eta historia errepasatuta –nazio-erakuntzarako Euskal Herriaren historia berrikustea beharrezkoa baiteritzo Sarrionandiak egun arte egindakoa «desastre» bat dela iruditzen zaiolako, eztabaidara beharrean, tesi bat defendatzera mugatua–, orduan bai, erronkei heltzera ausartu da unibertsitateko irakaslea. Esan du nazio-eraikuntzan ekiteko beharrezkoak direla «lan ideologikoa, pedagogia eta komunikazioa».
Eta apustu bat. Sabino Aranak Arraza-erlijio-nazionalismoa hirukoan zedarritzen bazuen bere ikuspegia eta Txillardegiren jarraitzaileek soilik hizkuntza bazuten ardatz, nazio-eraikuntza zabaltzearen alde egin du Odriozolak: hizkuntza bakarra ez, genero bakarra ez, sexualitate bakarra ez. «Gizarteko sektore anitzek» behar dute osatu euskal nortasuna.
Eta Sarrionandiak, bere aldetik, berriro ere: «Dena daukagu egiteko».