Ramon Sola

Euskal ikurrei bidea ixteko Mayaren porrota txalotu dute sareetan

Azken asteotan nabaria izan da Iruñeko alkateak euskal ikurrak Udaletxe Plazara sar ez zitezen egindako ahalegina, baina helburu horretan huts egin du Enrique Mayak eta sare sozialetan oroitarazi diote.

Presoen aldeko ikur txiki bat, udaltzainen aurrean Udal Plazan.
Presoen aldeko ikur txiki bat, udaltzainen aurrean Udal Plazan. (Jagoba Manterola | Foku)

2.700 poliziakide izan omen dira gaur Iruñean txupinazoaren inguruan, ehunka batzuk Polizia espainoleko kideak, kanpotik ekarriak. Segurtasuna ez zen Iruñeko alkatearen helburu bakarra; Udal Plazan euskal ikurrik egon ez zedin ere ahalegindu egin da Enrique Maya, suziriak mundu osoan duen oihartzunaren jakitun dela.

 

Horretarako, aurreko urteetan gertatzen ez zena jazo da gaur: 10ak aldera Udal Plaza jendez hustu dute poliziek, eta ondoren poliziakide andanak (udaltzainak eta espainolak) miaketa zorrotza egin diete enparantzan sartzen ziren guztiei.

Bistan denez, ez dute helburua lortu. Aurreko garaietako pankarta andana kanpoan uztea ekarri du operatibo horrek, baina lau adierazpen politiko barrura sartzea lortu dute eta plaza erdian kokatu dira gainera, mundu osorako ikusgai: ‘Euskal presoak etxera’ zioen pankarta handia, ikurrina bat ‘Gora herria’ leloarekin, Nafarroako bandera eta ‘Sozialismoa eraiki’ zioen pankarta gorria.

Gauzak honela, Mayaren porrota nabarmentzen duen mezu asko ageri da sare sozialetan, batzuk ordezkari politiko ezagunen eskutik:

 

 

Poza gorde ezinean ibili dira txiolari asko, euskal ikurrak bertara sartzea aurten inoiz baino zailagoa izango zela aurreikusten zutelako:

 

Iruñeko Udalak eskainitako seinale ofizialak balkoia jaso du bereziki, plazan gertatzen ari zena ezkutatu nahian. NAIZek Foku ajentziaren bitarteaz eginiko emisioaren bitartez lau ikur horiek zuzenean askorengana iritsi dira.