«Sanferminzaleak gara, baina tratu txarrik gabeko festak nahi ditugu». Esaldi horrek laburbiltzen du gaur arratsaldean Iruñea Antitaurinak egindako kalejiraren mezua. Ekimen horretako kide den Elena Frailek NAIZi adierazi dionez, «bada garaia» zezenketen eztabaidari adarretatik hartzeko eta zezenketak «alde batera uzteko».
Udaletxe plazan zuten hitzordua, uztailaren 7ko, 19:00etan. Hau urte dute sanferminetako bere «momentiko» gisa, zezen plazan jaietako lehen zezenketa egiten ari den bitartean. 3Indarrok elektrotxarangak lagunduta, jendetza bildu da dantza egiteari utzi ez dion zezen baten atzetik.
Animalien torturarik gabeko sanferminak aldarrikatu ditu jai giroan, hau da, zezenketarik gabeko sanferminak. Eta hasieran asko baziren, bidean jendea pilatu baino ez da egin Jarauta, San Lorenzo, Kale Nagusia eta Mercaderesen, Nabarreriako plazan amaiera emateko. Nahiz eta jaiak amaitzeko itxura gutxi izan.
«Ez da posible festetan ibiltzea eta horrelako sarraskia mantentzea. Alda dezagun ikuskizun lotsagarri hori», mezua nafar gizarteari zuzenduaz. Izan ere, «urteak pasa ahala» jendearen artean «honi buruz hitz egiten hasten dela» nabarmendu du Frailek eta iruindarrak «pentsatzen hasiak direla» zer nolako ikuskizuna mantentzen duten.
Nafarren artean ohiko aitzakia izaten da zezenetara doanak hondarrean gertatzen dena ikusten ez duela esatea, babes gisa. «Hori ez da posible. Bada garaia. Edo begiratzen duzu zer babesten ari zaren edo ez joan», eskatu du Frailek.
Hori dela-eta, zezenak berak duen «jarrera noblea» eskatu die hiritarrei ere. «Ez da gustokoa ikustea 20 minututan nola zauritzen duten eta labankadaz hiltzen duten animalia bat. Goizean, entzierroetan, beraiek (zezenak) oso nobleak dira. Horrelakoak izango ez balira ez litzateke posible entzierroak egitea. Hildako ugari egongo lirateke. Izan dezagun guk ere horrelako jarrera».