NAIZ

Nymburg, Igokea eta Bahçeşehir, Bilbao Basketen lehen arerioak Txapeldunen Ligan

Bilbao Basketek Txapeldunen Liga jokatuko du datorren denboraldian eta multzoen fasean izango dituen arerioak ezagutu berri ditu: Nymburg txekiarra, Igokea bosniarra eta Bahçeşehir turkiarra. Urriaren 4an hasiko da txapelketa.

Miesen, Suitzan, eginda saskibaloiko Txapeldunen Ligako zozketa.
Miesen, Suitzan, eginda saskibaloiko Txapeldunen Ligako zozketa. (@BILBAOBASKET)

Bilbao Basketek ostegun honetan ezagutu ditu Txapeldunen Ligan aurrez aurre izango dituen lehen hiru arerioak. D multzoan arituko dira bizkaitarrak, Nymburg txekiarra, Igokea bosniarra eta Bahçeşehir turkiarrarekin batera. Urriaren 4an hasiko da txapelketa.

Talde bilbotarrarentzat ez dira aski ezagunak aipatu hiru taldeak. Horietatik, soilik Nymburgen aurka lehiatu da. 2008 eta 2013 urteen artean, sei aldiz neurtu zituzten indarrak Eurocup txapelketan eta lau norgehiagokatan nagusitu zen Bilbao Basket.

Talde txekiarrak bere herrialdeko liga bikaintasunez irabazi du, soilik partida bat galduta (21-1eko balantzea)

Gainontzean, Igokea, Bosniako ligako eta kopako txapelduna, Bilbao Basketen lehendabiziko arerio bosniarra izango da. Bahçeşehir-ek, bestalde, Eurocup txapelketa irabazi zuen pasa den denboraldian. Turkiarrek Reggio Emilia garaitu zuten finalean (90-74). Bizkaitarren aurka lehiatuko den bosgarren talde turkiarra izango da.

Pasa den denboraldian, saskibaloiko Txapeldunen Ligako Final Four-a Bilboko Miribilla kiroldegiak hartu zuen eta Txus Vidorreta bilbotarraren Lenovo Tenerifek irabazi zuen.

Roberto Molina prestatzaile fisikoak ez du taldean jarraituko

Bestalde, Bilbao Basketek iragarri du Roberto Molina prestatzaile fisikoak ez duela taldean jarraituko datorren denboraldian. Pituk lau urte egin ditu beltzezko gizonekin lanean eta klubak bere profesionaltasuna eskertu nahi izan du sare sozialen bitartez.