NAIZ

Estatu espainolean ‘Arabako Mahastiak’ etiketarekin ardoa saltzeko baimena eskatu du ABRAk

Europako Batasunak erabakiko du ‘Arabako Mahastiak’ etiketari baimen ofiziala eman edo ez, baina ebazpena luzatu daitekeenez, behin-behineko baimena eskatu diote Arabar Errioxako upategiek Lakuari. Etiketa horrekin Errioxa Jatorrizko Deituratik banatu nahi dute.

Arabako Errioxako mahasti bat.
Arabako Errioxako mahasti bat. (NEIKER)
Arabako Errioxako Upategien Elkarteak (ABRA) ‘Arabako Mahastiak’ izendapenarekin etiketatutako ardoa Estatu espainolean saltzeko baimena eskatu dio Lakuari, Europako Batasunak izen berri hori erabili ahal izateko eskatzen duen espedientea ebazten duen bitartean.

Lakuako iturriek baieztatu dutenez, eskaera hori aldi baterako izango litzateke, harik eta Bruselak elkarte horrek eskatzen duen izen berriari oniritzia ematen dion arte.

EBk uko egiten badio eskaera horri, eta Errioxako Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailea horren aurka badago, ABRA elkarteak marka hori kendu egin beharko luke.

Arabako ardoentzako izen propioa sortzeko proiektua 2016an hasi zen, 40 bat upategik eskatuta, ABRAk horretarako prozedurari ekin zionean. Urtebete geroago, Errioxa Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzaileak bere ardoak gehiago bereizi zituen, eta botilen etiketetan jatorria zonaren edo udalerriaren arabera sartzeko aukera eman zuen.

2019an, ABRAk eskaera berraktibatu zuen, uste baitzuen bereizketa horrek ez zituela aurreikuspenak betetzen, eta 2021eko martxoan, Lakuak oniritzia eman zion ‘Arabako Mahastiak-Viñedos de Álava’ izena izapidetzeari.

Errioxa Jatorrizko Deiturak helegite bat aurkeztu zuen izen «berri eta artifizial» horren aurka, baina Lakuak atzera bota zuen, eta espedientea espainiar Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministeriora bidali zuen, EBn erregistroa osatzeko eskumena duen administraziora.

Garai hartan, Luis Planas ministro espainolak esan zuen izendapen berri hori ez zela bere gustukoa, Errioxa Jatorrikoz Deiturak «nazioarteko erreferentzia» eta «Europako Batasuneko kalitate ikur baliotsuenetako bat» delako, baina argi utzi zuen ardogileek konpondu beharreko gaia dela.

Errioxako Gobernua ere «konfrontazioan oinarritutako» marka berri horren aurka agertu da, «merkatuetan eta kontsumitzailean nahasmena sortu nahi baitu», eta «ez du elementu bereizlerik» beharra justifikatzen duenik.
Espedientea Europaren esku dago baina ebazpena atzeratu daitekenez, ABRAk erabaki du Lakuari eskatzea ‘Arabako mahastiak’ izena behin-behinean erabili ahal izatea, hasiera batean Estatura bakarrik mugatuta.

Gaur egun ez dakigu zenbat upategik erabili nahi duten etiketan ‘Arabako mahastiak’ izena, duela sei urte ekimena babestu zuten 40 upategi horietako asko proiektutik kanpo geratu direlako.