1978ko uztailaren 8an espainiar Poliziak German Rodriguez hil zuen eta sanferminetako ezinbesteko hitzordu bilakatu da iruindarra gogora ekartzen duen omenaldia. Gaurkoan ere, ehunka lagun pilatu dira Orreaga etorbidean, Iruñeko Peñen Federazioak eta SF78 elkarteak deituta.
Martxoak3, Frankismoaren Krimenen Kontrako Plataforma, Ceaqua, Donostiako protestetan hil zuten Joseba Barandiaranen senideak eta Argentinatik iritsitako Julieta Bandarini bera ere izan dira nafar hiriburuan.
Ohiko giro hunkigarrian igaro da ekitaldia, Iruñea festetan murgilduta dagoela ahaztu gabe. Baina ohi baino traba gehiagorekin antolatu behar izan dutela azaldu du plataformako kide den Sabino Cuadrak. Izan ere, Udalak 40 zentimetroko altuera zuen eszenatoki bat baino ez dio baimendu eta dezibelioak neurtzeko beharra ere inposatu nahi izan die. Horren aurrean, banku batean igota abiatu dute ekitaldia.
Iker Tubia dantzariak ekin dio, oroigarriari aurreskua dantzatuz, Mikel Legorbururen bertso baten aurretik, zein soilik emozioak eta txalo zaparrada handi batekin isilarazi den. «Bitez betiko lagunak», amaitu du Legorburuk. Honela, memoria eta justiziaren aldarrikapenak bere txokoa izan du jaietan aurten ere. «Ez dugu egiarekin bakarrik geratu nahi. Irmoki uste dugu gure memoria, justiziarik gabe, zerbait osatugabea dela», nabarmendu dute Marta Apariciok (Peñen Federazioa) eta Mentxu Velasco (SF78).
Zentzu horretan, Memoria Demokratikoaren lege berria «errefusatu» egin dute. «Zenbait eremutan hobekuntza partzialak agertzen baditu ere, gure eskakizunek, hots, mugarik gabeko egiak, justizia libreki erdiesteak eta biktimendako ordain osoak, errekonozitu gabe segitzen dute. Martin Villaren eta Estatu krimen haren erantzule guztien auzipetze eta eapitzeak ez dute tokirik lege honetan», adierazi dute, «gure politikariei» lege hau «beste aukera galdua ez bihurtzea» eskatuz.
Horregatik «erantzule guztiak» epaitzea eskatu dute, Fermin Balentziak ‘Hilarria’ abestiarekin ekitaldia itxi aurretik.