NAIZ

Leire Garai eta Enara Gamindek nagusitasunez irabazi dute San Fermin Torneoa

Leire Garai eta Enara Gamindek jantzi dute San Fermin Torneoko txapela, finalean Amaia Aldai eta Ane Mendibururi 22-6 irabazita. Labriteko pilotalekuan jokatu da final handia eta harmailak bete egin dira.

Leire Garai eta Enara Gaminde, San Fermin Torneoko txapeldunaren txapelarekin.
Leire Garai eta Enara Gaminde, San Fermin Torneoko txapeldunaren txapelarekin. (Gorka RUBIO | FOKU)

Beren palmareserako txapel garrantzitsu berri bat lortu dute Leire Garai eta Enara Gamindek, San Fermin Torneokoa, perfekziotik oso gertu arituta, aukerarik ez baitiete eman finalean Amaia Aldai eta Ane Mendibururi 22-6 gailenduta. Labriteko pilotalekuak, gainera, itxura oso ona erakutsi du, harmailak beteta, eta pilotariek gogotik eskertu dute.

Festa borobila izan zedin final handiak emozio pixka bat gehiago izatea baino ez da falta izan. Finalerdietan Mendavian eta Tafallan bi bikoteek erakutsitako maila ikusita, lehia estu eta orekatua espero zen, baina final handietan zaila izan ohi da norberak barruan duen hori ateratzea, are gehiago pilotalekua jendez beteta baldin badago.

Hala, larunbat honetan bikote bakarra izan da bere mailarik onenera gerturatu dena, Leire Garai eta Enara Gamindek osatutakoa. Lehen tantoa gorri izan den arren, partida segituan hautsi dute urdinek jarraian 15 tanto lortuta.

Bakoitza bere lekuan, gasteiztarra aurrean eta Lukizkoa atzean, euren aurkariak baino askoz hobeak izan dira. Koadro luzeetan, espero zen bezala, Enara Gamindek zulo handiak ireki ditu, gaur egun bera baita, 15 urte eskasekin, zirkuituko atzelaririk indartsuena. Eguna duenean ia geldiezina da bizkaitar gaztea eta gaur gogotsu heldu da Iruñera. Eta gainera, aurrean oso inspiratutako Leire Garai bat topatu du. Gasteiztarraren partida hasiera ikusgarria izan da, tantoak erraztasun handiz amaituz, batez ere txokoan, baina baita zabalera gurutzatutako zenbait pilotakadekin.

Eta halakoetan sarri gertatzen den bezala, Amaia Aldaik eta Ane Mendiburuk ezin izan dute ezertxo egiterik izan arerioen joko erauntsiaren aurrean. Are gehiago, ezintasunak jota, Dimako aurrelaria partidatik erabat irtenda aritu da hasiera-hasieratik eta azkenerako hasiera nahiko txukuna izan duen bere atzelaria kutsatzeraino.

Askoz orekatu eta ikusgarriagoa suertatu da hirugarren posturako lehia eta bertan garaipena Maddalen Etxegarai eta Uxue Osesentzat izan da, Miren Larrarte eta Itxaso Erasuni, 18-14 gailenduta.