'Busti Zaitez' esklerosi anizkoitza pairatzen duten lagunen aldeko kanpaina hondartza eta igerilekuetara itzuli da gaur, bere 20. urteurrenean, ohiko aurrez aurreko formatua berreskuratuz.
Kontxan izan den ekitaldi nagusiaz gain, informazioa eman eta materiala saltzeko mahaiak jarri dira Ondarretan eta Zurriolan, baita Ordizian, Zumaian, Hondarribian, Zarautzen eta Errenterian ere; eta Legazpin, larunbatean.
Arlo ezberdinetako ordezkariak bildu ditu Kontxako ekitaldi nagusiak eguerdian. Parte hartzaileen artean udal ordezkariak izan dira, baita Foru Aldundikoak ere, eta herrialdeko eragile ezberdinak.
Kanpaina bultzatzen duen ADEMGI elkarteak «elkartzeko unea» dela azpimarratu du, urte osoan zentroetan laguntzen duten pertsonen, haien familien, ospitaleetan artatzen dituzten profesionalen eta gizartearen parte hartzeri balioa emanez.
«Hunkigarria da ikustea jendeak gero eta gehiago ezagutzen duela esklerosi anizkoitza, eta ekitaldi honetan nola laguntzen duen», nabarmendu dute antolatzaileek.
Gogoratu dutenez, azken bi urteetan pandemiaren ondorioz formatu egokitu bat izan du ekimenak, baina Gipuzkoan 20 urte bete ditu jada gaixotasunari ikusgarritasuna emateko martxan jarritako kanpainak.
2.700 gaixo EAEn
Eskertu dute, halaber, «jarduera hau ahaztu ez duten eta berriz ere gurekin egon diren» lagunen parte hartzea, baita babesleen laguntza ere.
Gogoratu dutenez, 2.700 lagunek dute bereziki emakumeei eragiten dien esklerosi anizkoitza Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Azken herrialde honen datuei dagokienez, 750 lagunek pairatzen dute gaitza, zehaztutakoaren arabera.