NAIZ

Ezkurdiak eta Martijak garaipen batekin agur esan diote binakako San Fermin torneoari

22 eta 14 irabazi du bikote nafarrak Jakaren eta Albisuren kontra, baina finalerdietako ligaxkaren lehen partidan jasotako jipoiaren ostean txapelketako finalera iristeko aukerarik gabe geratu dira.

Lehen partidan jasotako jipoiak finalera heltzeko aukera gabe utzi zituen Ezkurdia eta Martija.
Lehen partidan jasotako jipoiak finalera heltzeko aukera gabe utzi zituen Ezkurdia eta Martija. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Ezkurdia eta Martija San Fermin torneoko binakakotik kanpo geratu dira. Jaka eta Albisu 22 eta 14 mendean hartu arren, finala jokatzeko aukerak galdu dituzte. Bikote nafarrak porrot mingarria jaso zuen finalerdietako ligaxkaren lehen partidan Artolaren eta Mariezkurrenaren kontrakoan (22-5). Emaitza horrek baldintzatuta hasi dute bigarren norgehiagoka eta, behintzat, lortutako garaipenarekin jipoia ahazteko modua izan dute.

Ezkurdiak gogotsu abiatu du partida eta 5 eta 1 aurreratu dira markagailuan gorriak. San Ferminetako lau ta erdikoa irabazi ondoren, aurrelari nafarrak ezin izan zuen bere mailarik onena erakutsi binakako lehen partidan nekearen eraginez. Martijak ere lan bikaina egin du atzean eta erraz gailendu dira partidaren azken txanpan.

Atsedenaldirarte oreka izan da nagusi markagailuan. Berdinduta iritsi dira eta Jaka eta Albisu ere aurretik joan dira une batez (7-10). Hamabira berdindu ostean aldiz, Ezkurdia eta Martija jaun eta jabe izan dira eta merezituako garaipena eskuratu dute.

Jakak eta Albisuk ez dute asmatu bikote nafarra gelditzen. Hala ere, txapelketako finalean sartzeko aukera izaten jarraitzen dute. Hori bai, oso zaila daukate. Bigarren partida irabaztearekin batera, aurkariek ezin dituzte bederatzi tanto baino gehiago egin.

Mariezkurrena, Lasoren zain

Emaitzak ikusita, Lasok eta Mariezkurrenak finalerako sailkatzea eskura daukatela esan daiteke. Zalantzan dagoena ordea, aurrelaria jokatzeko moduan egongo den da. Asteartean jokatuko da partida eta Lasok astelehenean hartuko du erabakia. Ezin badu, Artolak ordezkatuko du. Gipuzkoarrak 22 eta 11 irabazi du Elizegirekin batera Elezkanoren eta Bikuñaren kontra gaur Labriten jokatutako partida. 13 tanto egin ditu aurrelariak.

Astelehenean jokatuko da beste finalerdia. Altunak eta Rezustak osatzen duten bikoteak Irribarriaren eta Zabaletaren kontra neurtuko dituzte indarrak. Garaipena lortzen duen bikotea sailkatuko da finalerako.

FITXA TEKNIKOA:

Ezkurdia-Martija: 22

Jaka-Albisu: 14

Pilotakadak: 435. Iraupena: 55 minutu. Markagailua: 5-1, 6-6, 7-10, 11-11, 18-12, 19-13, 22-14. Egindakoak: 9 Ezkurdiak eta 3 Martijak; 9 Jakak eta 1 Albisuk. Galdurakoak: 4 Ezkurdiak eta bat bera ere ez Martijak; 5 Jakak eta 4 Albisuk. Gorabeherak: Harmailak beteta eta giro bikaina Labriten.