Entrevista
Antton Curutcharry
Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakaria

«Ateak zabalik dira Parisen, nahiz eta hemen blokeoa handia izan den»

Euskal Elkargoan politika linguistikoen ardura duen presidenteordea ere bada Antton Curutcharray, eta negoziazio betean murgildurik dago Hezkuntza Ministerioarekin eta bere ordezkaritza den Bordeleko Errektoretzarekin.

Antton Curutcharry, Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakaria.
Antton Curutcharry, Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakaria. (Patxi BELTZAIZA)

Ipar Euskal Herrian euskararen aldeko borrokei loturiko gaiak ari dira egunkarietako orriak betetzen azken asteotan. Bihar, esaterako, brebeta azterketa ofiziala osorik euskaraz egiteagatik agiri ez-ofiziala jasoko dute Seaskako ikasleek, eta hori Ikuskaritza Akademikoaren okupazioaren ondorioa da, Euskal Elkargoak horren bermea eman zuelako egoera konpontzeko. Bestalde, hiru eskola publikotan murgiltze eredua ezartzea lortu da, baina horretarako ere okupazioak eta ekintzak egin behar izan dira. Borroka horietan guztietan, Euskararen Erakunde Publikoaren (EPP) sukaldeko lana ezinbestekoa da.

Brebeta osorik euskaraz egin zuten Seaskako ikasleak babestu ditu Euskal Elkargoak.

Bai, eta Elkargoak ekitaldi sinbolikoa ere egingo du diploma emanez brebeta euskaraz egin duten haurrei, Seaskarentzat inportantea dena.
EEPk gutun bat igorri dio Hezkuntza Nazionalari eta ministro berriari, euskal parlamentariek ere egin dute urrats hori, eta ideia genuke elkarrekin joatea gai horren aipatzeko Parisera.

Esan izan duzu brebetaren gaiari dagokionez ate bat irekita dagoela Ministerioan.

Bai, joan den astean ukan genuen bilkura bat Bordeleko errektorearekin, berriz ere galdetu nion elkarrizketa hori irekitzea, eta erran digu argiki Ministerioaren ateak ez direla hetsiak eta bereak ere irekiak direla. Esperantza dugu aterabide bat atzemanen dugula heldu den urteetarako.

Hiru eskola publikotan murgiltze eredua ezartzea lortu da, nahiz eta hastapenean Errektoretza kontra izan.

Bai, Larrainen urte eta erdiz zain egon eta gero lortu dute, eta Barkoxen eta Irisarrin ere lortu da. Azken hori berritasuna da, ama-eskolatik goiti baita, irakurtzen eta idazten hasten diren urteetan. Hezkuntza Ministerioak abenduan atera zuen zirkularrak malgutasun handia ematen du.

Irisarrik aurrekari bat finkatu du, beraz.

Bai, eta ondoko urteetan beste batzuk izanen direla pentsatzen dut; entzun dut proiektu batzuk badirela. Negoziazioa luzea eta gorabeheratsua izan da Hezkuntza Nazionalarekin, baina ez da sekula gelditu. Izan diren azken bizpahiru urteotako oztopo handiak, iduri luke ez direla gehiago. Prozesuak luzeak dira, baina oztoporik ez dago.

Nazio Batuen Erakundeak komunikazioa igorri dio Estatu frantsesari azalpenak eskatuz Molac legearen bi artikuluren kontra Kontseilu Konstituzionalak hartu zuen erabakiaren ondoren, «gutxiengo linguistikoen giza eskubideen urratzea» ekar dezakeela iritzita. Zer deritzozu?

Ez da gutxi. Nazio Batuek hori erratea seinale bat da; ikusi beharko agintari frantsesek ulertzen duten. Ez da lehen aldia horrelako agiriak badirela. Pentsatzen dut, funtsean, Frantziak segitzen duela problema izaten bere barnean diren hizkuntzekin. Ez dakit beldurra den, baina hasteko segur dena da kontzientzia eskasa dela, susmagarria dena. Ahal duelarik mugatzen, gelditzen edo oztopatzen entseatzen da, eta hori zaila da ulertzen. Ikusten da Nazio Batuek ere ez dutela ulertzen ere, eta galdetzen diotela ea zer gertatzen den.

Hala ere oraingoa berezia da, Asanblea Nazionalean eta Senatuan bozkatua izan zen Eskualde hizkuntzen patrimonio babeserako eta promoziorako Legearen kontra egindako errekurtso baten ondorioa delako.

Biziki tristea da erabaki hori,  eta eramana izan den moldea eskandalagarria da. Kontuan izan behar da Auzitegi Gorenaren erabakia dela, eta horrek uzten du ezpata bat gure buru gainean dilindan, onartezina dena XXI. mendean. Horregatik segitzen dugu galdegiten Konstituzioaren aldaketa. ala ere oraingoa berezia da, Asanblea Nazionalean eta Senatuan bozkatua izan zen Eskualde hizkuntzen patrimonio babeserako eta promoziorako Legearen kontra egindako errekurtso baten ondorioa delako.

«Frantziak segitzen du problema izaten bere barnean diren hizkuntzekin. Ahal duelarik mugatzen, gelditzen edo oztopatzen entseatzen da»

Gobernuak, hala ere, ez zuen Konstituzionalaren erabakia aplikatu, eta, abenduan, murgiltzea arautzen zuen zirkularra atera zuen.

Hori pixka bat berezia da. Konstituzionalak dira frantsesezko irakaskuntza eta elebiduna; aldiz, murgiltzea antikonstituzionala da. Zirkularrarekin egin dutena izan da erratea murgiltzea ez dela hirugarren bide bat, murgiltzea elebitasunaren estrategiaren barruan sartzen dela, beraz, Konstituzioak bermatzen duen eredu horretan dela. Atzeman duten aterabidea fin-fina da, Konstituzionalari ez baitzaio kontra egiten ahal. Juridikoki biziki artifiziala da, baina horri esker segitzen ahal dugu.

Kontseilu Konstituzionalaren erabakia lehengo Hezkuntzako ministroa zen Jean-Michel Blanquerren azpijoko baten ondorioa izan zen. Pap Ndiaye ministro berriarekin harremana nolakoa da?

Ez dakigu. Seinale batzuk badira positiboak direnak, baina ez denak. Esaterako, murgiltze berriak irekitzea, Irisarriko eskola pilotu hori, erranaraztea errektoreari ateak zabalik direla Parisen, nahiz eta hemen blokeoa eta tentsioa handiak izan diren. Behar dugu ikusi zein adierazpen egiten dituen, nola errezibitzen gaituen eta noiz.

Ekainaren 30ean egin zen EEPren biltzar nagusiaren bilana zein da?

1.930.000 euroko aurrekontuaren bozkatu genuen. Bozkarazi genuen ere helduen euskalduntzeari buruzko plan estrategiko bat. Euskara irakaskuntza hizkuntza bilakatu da gazte belaunaldietan, eta behar dute gelatik kanpo entzun, eta iduritzen zaigu beste belaunaldietan behar dugula euskararen ikaskuntza indartu erabilia izan dadin arlo denetan.

Euskararen alde ari diren eragileak finantzatzeko 2007tik Lakuako Gobernuarekin duzuen hitzarmena berritu duzue.

Fondoa azken urteetakoaren araberakoa da, 1.930.000 eurokoa. Horrek erakusten du Eusko Jaurlaritzarekin harremana inportantea eta iraunkorra dela.