NAIZ

Metro Bilbaoko langileek lanuzteak egingo dituzte berriro asteazken eta ostiral honetan

Metro Bilbaoko langileek lanuzteak egingo dituzte berriro ere asteazken eta ostiral honetan, hilak 13 eta 15, lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea hobetzearen alde. Zuzendaritza eta erakunde publikoen jarrera salatu dute sindikatuek.

Metro Bilbaoko langileen mobilizazioa.
Metro Bilbaoko langileen mobilizazioa. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Metro Bilbaoko langileek mobilizazioekin jarraitzen dute hitzarmenaren alde. Azken hilabetean hainbat lanuzte egin ondoren, ELA, UGT eta CIM sindikatuek beste mobilizazio egun bi deitu dituzte: uztailaren 13an (asteazkena) eta uztailaren 15ean (ostirala). Zehazki, 6.30-9.30 eta 18.30 eta 21.30 artean egingo dituzte lanuzteak.

Sindikatuek hainbat alderdi sozial eta antolakuntzakoak hobetzea eskatzen dute, baita langileen erosahalmenari eutsiko dioten soldata igoerak bermatzea ere.

Baina, salatu dutenez, zuzendaritzak ez du jarrera aldatu: «Langileen erosahalmena bermatu gabe jarraitzen du, negoziazioa luzatuz eta urte askoan korapilatutako gatazkaren errealitatea desitxuratuz».

ELAk, CIMek eta UGTk adierazi dute egoeraren erantzule direla zuzendaritza eta erakundeak, «eurek baitira gatazka konpontzeko giltza».

Horregatik mobilizatuko dira berriro, «aurreko deialdietan bezala, nabarmen nabaritu baitzen metroko zerbitzuetan, deialdiek arrakasta izan zutelako». Izan ere, sindikatuek arrakastatsutzat jo zuten aurreko grebetako jarraipena, baina enpresak sindikatuek emandako zifrak txikiagotu zuen. Bestalde, zuzendaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak direla salatu dute.

7,19 milioi bidai maiatzean

Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) astearte honetan jakitera eman dituen datuen arabera, Metro Bilbaok 7.194.000 bidaiari garraiatu zituen maiatzean, 2021ean baino %25 gehiago.

Bilbon, aldi berean, 2.780.000 bidaiari izan zuen autobus bidezko hiri-garraioa, iazko maiatzean baino %15,6 gehiago.