NAIZ

EEPk eta euskal parlamentariek hitzordua lortu dute Parisen brebetari buruz mintzatzeko

Baionan asteartean brebeta euskaraz egin zuten ikasleak ziurtagiri ez-ofiziala jasotzen ari ziren mementoan, Euskararen Erakunde Publikoak eta euskal parlamentariek gaia jorratzeko Hezkuntza Ministerioari eskatu zieten bilkuraren inguruan erantzun positiboa jaso zuten; irailaren 14an izanen da.

Brebeta euskaraz egin duen ikaslea Euskal Elkargoko eta Seaskako presidenteekin ziurtagiri ez-ofiziala jasotzen.
Brebeta euskaraz egin duen ikaslea Euskal Elkargoko eta Seaskako presidenteekin ziurtagiri ez-ofiziala jasotzen. (GUILLAUME FAUVEAU)

Parisko Hezkuntza Ministerioarekin bilkura lortu dute Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariek eta euskal parlamentariek, aurretik egindako eskaerari erantzunez. Astartean, Baionan, Euskal Elkargoaren egoitzan aurten brebeta euskaraz egin duten Seaskako ikasleak ziurtagiri ez-ofiziala jasotzen ari ziren mementoan, irailaren 14rako hitzordua izanen zela jakinarazi zitzaien hautetsiei.


Urteak dira brebeta eta baxoa azterketa ofizialak euskaraz egin ahal izateko kanpaina abian duela Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioak, baina aurten kanpaina bereziki indartsua izan da.

Seaskak publikoki gizartean oihartzuna zuten ekintzak egiten zituen bitartean, EEPko ordezkariak eta euskal parlamentariak negoziatzeko bidea lantzen ari ziren.

Euskararen alde lan egiten duen erakundearen presidentea den Antton Curutcharryk negoziaketarako bidea irekia izan zitekeela jakinarazi ziotela baieztatu zuen NAIZi emandako elkarrizketan.

Bordeleko errektoreak bere ateak eta Hezkuntza Ministeriokoak zabalik zeudela erran ziola adierazi zuen, eta erantzun positiboa espero zuela. Berria aurtengo mobilizazioaren azken mementoa ematen ari zelarik igorri zuten Paristik.

Ziurtagiri ez-ofiziala

Brebeta azterketa egin baino egun batzuk lehenago Seaskako buraso, irakasle eta ikasleek Baionan Akademia Ikuskaritzak duen egoitza okupatu zuten, Hezkuntza ministroarekin edo Bordeleko errektorearekin hitzordua lortzeko. Polizia ekintzaileak indarrez ateratzen saiatu zen.

Beste urteetan bezala Ikastolen Federazioko ikasleek brebeta euskaraz egingo zutela jakina zen orduan, baina Zientzietako ikasgaia ez zela euskaraz zuzendua izanen bazekiten, eta horregatik egiten ari ziren ekintza, ikasgai horrekin brebeta azterketa osoa euskaraz egitea lortzen baita.

Ekintzak ez zuen erantzun ofizialik jaso eta egoera baretzeko Euskal Elkargoak Zientzietako azterketen zuzenketari bermea eman zion. Horrek bi atal zeuzkan, alde batetik irakasle euskaldunek zuzendutako azterketa ofizialen kopiek lortuko zuten nota jasoko zuen ziurtagiri ez-ofiziala emanen zuela Jean-Rene Etchegaray erakundeko presidenteak, eta zuzenketak egiteko Elkargoak tokia utziko ziela.

Asteartean egin zen ekitaldi ofiziala, non Etchegarayk Seaskak dituen lau kolegioetako hainbat ikasleri eman zien agiria Elkargoaren egoitzan, guraso, irakasle eta ikasleen aitzinean.

Azterketak euskaraz

Akademia Ikuskaritzaren egoitzan egindako ekintza, brebeta aitzin izanik, hori lortzera zegoen bereziki zuzendua, baina Seaskak daraman borroka bi azterketa ofizialak euskaraz egin ahal izateko da, brebeta eta baxoa.

Brebetaren gaia konpontzear egon badaiteke ere, ikusteke dago iraileko hitzorduan baxoari buruz ere mintzatzeko prest agertzen den Hezkuntza ministroa.