CONTENIDO PATROCINADO

Antzuola eta Irurtzun ere jaietaz gozatzeko prest

Uztailaren erdialdeko asteburua jaietan murgilduta igaroko dute Gipuzkoa eta Nafarroako hainbat herrik. Gipuzkoan, Antzuola da jaien erreleboa hartuko duena, eta Nafarroan, Irurtzun, asteazkenetik aurrera. Bi herri horietan, azken urtean jaiotako haurrei zapiak jarriz hasiko dituzten jaiak.

Antzuolako jai egitarauan ez da faltako uztaileko hirugarren larunbatean ohikoa den alardea.
Antzuolako jai egitarauan ez da faltako uztaileko hirugarren larunbatean ohikoa den alardea. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Azken bi urteetako etenaldiaren ondoren, Antzuolan gogo handiz hartuko dituzte jai ekitaldiak eta, bereziki, Antzuolako alardea. Egitaraua ostegunean hasi zen (hilak 14) azken urtean jaiotako umeei eta herriko bi pertsona nagusienei zapia jarriaz, eta ondoren Udalbatzak ohiko aurreskua dantzatu zuen. Aurtengoa alkate moduan jaien hasieran egindako azken dantza izan da Beñardo Kortabarriarena.

Bestalde, jai egitarauan ez da faltako uztaileko hirugarren larunbatean ohikoa den alardea. Bertan, bi ekintza historiko goraipatzen dituzte. Batetik, 920. urtean Nafarroako Muetzen arabiarren aurkako borrokan antzuolarrek Nafarroako erregea lagundu zutela gogora ekartzen duena eta bestetik, Foru aginduei jarraituz, udal miliziek urtero armak aztertzeko egin ohi zuten erakusketa. Hori guztia zapatuan izango da, hilak 16, arratsaldeko 19.00etan.

Ekitaldi tradizionalez gain, denetarik izango da Antzuolan aurtengo jaietan: hanburgesa lehiaketa, herri bazkariak, kalejirak, haurrentzako ikuskizunak… Musika arloari dagokionez, honako talde hauen emanaldiak izango dira: Amak, Bada Giro, Joselu Anaiak eta Alaiki. Txosnen egitarauan, bestalde, talde ugariren emanaldiak daude iragarrita: Inguma, Rebel Noise, Maixa ta Malakias, Berandu baino lehen, La Rekba, Txakurrak eta Altxa porru.

Antzuolako establezimendu laguntzaileak: Elay taldea, Goizper.

Irurtzunen datorren asteazkenean botako dute txupinazoa eta jarraian erraldoi eta buruhaundien konpartsa irtengo da. Idoia ZABALETA (FOKU)

Irurtzunen ere inoiz baino gogotsuago gozatuko dituzte herriko festak datorren asteazkenetik aurrera. 2021. urtean jaiotako haurrei zapiak eta erraldoi eta buruhaundien konpartsaren ipuina banatu ondoren, jaiak iragartzeko txupinazoa botako dute udaletxeko balkoitik eta, bost egunetan zehar, adin eta gustu guztientzako ospakizunak izango dira.

Musika arloari dagokionez, mexikar estiloa izango da nagusi aurtengo jaietan Chucín Ibañez y Garibaldi, Pancho Balbuena eta Mariachi México Lindo taldeekin. Hala ere, beste estiloak ere ez dira faltako: Trikidantz, Xaibor, Rockalean, Trikiteens edo Jamaica Orkestra.

Festetako ekitaldien artean, aipatzekoa da uztailaren 22an (ostirala) kalderete lehiaketa egingo dela, eta jarraian bazkaria. Sukaldariek derrigorrezko osagaiak izango dituzte beren kazuela egiteko, hauen artean untxia edo arkumea, patatak, baratxuria, tipula eta tomatea.

Era berean, aurten ere ez da faltako jaietako "Barazki-gunea". Bertan, bost egunetan zehar, haurrentzako jokuak, kalejirak, gazte bazkaria eta kontzertuak daude iragarrita.

Irurtzungo establezimendu laguntzaileak: Baiza Motor, Hermanos Villegas Dominguez, La Tahona, Urrutia Enea