NAIZ

Ibai Parkea eta Lugañene pasealekua lotzeko proiektua onartu du Donostiako Udalak

Urumeako Ibai Parkea eta Lugañene lotzeko proiektua onartu du Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak. 225.000 euroko aurrekontua dute lanek eta hiru hilabeteko iraupena izatea aurreikusten da.

Urumeako Ibai Parkea obretan, artxiboko irudi batean. (@EnekoGoia)
Urumeako Ibai Parkea obretan, artxiboko irudi batean. (@EnekoGoia)

Donostiako Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Ibai Parkea eta Lugañene 27 pasealekua lotzeko proiektua. Proiektu hau Leonora R. Poncek idatzitakoa da, 225.538 euroko aurrekontua du eta lanek hiru hilabeteko iraupena izango dute.

Donostiako alkate Eneko Goiak azaldu du, proiektuari esker Lugañene eta Txominenearen arteko lotura hobetu ahal izango dela. Gainera, proiektuak kontuan hartzen ditu etorkizunean eremuan egingo diren hirigintza garapen berriak –hain zuzen ere, Ibai Parkeari eragingo ez diotenak–, eta era berean, Urumeako ibarraren inguruan doan oinezkoentzako zein bizikletentzako ia zazpi kilometroko ibilbidea zabaldu eta amaitu ahal izango da.

Proiektuan adierazten denez, ibilbidea egungo Martuteneko kartzelaren atzealdean dagoen eremua gurutzatuko du eta baso txiki baten bidez Donostia Arraun Lagunak elkartearen egoitzara darama. Eta handik Lugañeneko zubiraino joko du aurreikusitako ibilbideak.

Donostiako Udalak onarturiko proiektuan bi jarduketa ardatz daude: lehena, Lugañene eta egun dagoen oinezkoentzako zein bizikletentzako bidea da. Eta bigarrena, Parfer izeneko eraikina eta Txomineneako ibai parkea lotzen dituen bidea. Biek bi bide izango dituzte, bat oinezkoentzat eta bestea bizikletentzat.