NAIZ

Emir Sulejmanovic hegal-pibot bosniarra Bilbao Basketera itzuli da

Emir Sulejmanovic hegal-pibot bosniarra Bilbora bueltan da. Bi urte arrakastatsu bete ditu Lenovo Tenerifen, azkena Basketball Champions League irabazita, Miribillan bertan. Hain justu, aurten, beltzezko gizonak lehiatuko dira txapelketa horretan. Bosniarrak denboraldi baterako sinatu du.

Emir Sulejmanovicek Lenovo Tenerifen jokatu du azken bi denboraldietan.
Emir Sulejmanovicek Lenovo Tenerifen jokatu du azken bi denboraldietan. (ACB PHOTO)

Emir Sulejmanovic hegal-pibot bosniarrak Surne Bilbao Basketen jokatuko du berriro –2019-2020. denboraldian aritu zen estreinakoz–, azken bi urteak Lenovo Tenerifen eman eta aurreko denboraldian Basketball Champions League txapelketa irabazi ondoren. Akordioa denboraldi baterako da, talde bilbotarrak jakinarazi duenez.

27 urte eta 2,06 metroko jokalari bosniarrak Kopa eta Endesa Ligako titulurako kanporaketak jokatu ditu bi denboraldietan Lenovo Teneriferekin, aurreko denboraldiko kanporaketetan partidako 7 puntu eta 3,7 erreboteko batez bestekoak lortuz.

Gainera, Emir Sulejmanovicek Bosniako selekzioarekin jokatzen du, eta partidako 8,7 puntuko eta 5,5 erreboteko batez bestekoak izan ditu 2023ko Munduko Txapelketarako sailkapen fasean, 13 kredituko balorazioa lortzeko.

Rafa Pueyo Surne Bilbao Basketeko kirol zuzendariaren hitzetan, «publikoarekin konektatzen duen eta oroitzapen ona utzi zuen jokalaria da. Erreboteetan puntako jokalaria Ligan. Energia askorekin jokatzen du eta indar handia jartzen du jokaldi bakoitzean. Gainera, oso eraginkorra da uztaitik hurbil eta azken denboraldietan asko hobetu du kanpoko jaurtiketa. Seguru nago zaleek positiboki ikusten dutela bere itzulera».