Kartzelan jarraituko dute, behingoz iraila bitartean, Jakes Esnal eta Ion Kepa Parot presoek, ostegun honetan beraien askatasun eskaerak aztertzeko egin diren audientzietatik erabaki irmorik ez delako atera.
Ohi bezala, terrorismoaren aurkako Fiskaltza bi lapurtarrei baldintzapeko askatasuna ematearen kontra azaldu da. Gauzak horrela, 32 urte espetxean daramatzaten bi presoek irailaren 22ra arte itxaron beharko dute beraien egoerari buruz frantses Justiziak hartuko duen deliberoa zein den ezagutzeko.
Parisko Dei Auzitegiari egokitu zaio Esnalek aurkezturiko bigarren askatasun eskaera berriz aztertzea. Bi orenez luzatu den auzi saioaren ostean, askatasun eskaerari erantzun beharrean, uda ostean hitzordu berria ezarri dio epaileak lohizundarrari.
Ildo beretik, Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak Ion Kepa Parotek aurkezturiko seigarren eskaera aztergai izan du. Kasu horretan ere, audientziak ez du aldaketarik ekarri presoaren egoerari dagokionez.
Ondorioz, egun berean, irailaren 22an, jakinen dute 1990eko apirilaz geroztik gatibu dituzten presoek beraien eskaeren inguruko erabakia.
Bake Bideak eta bakegileek, beste behin ere, hiru hamarkada luze espetxean daramatzaten Esnal eta Parot preso atxikitzeko Terrorismoaren Aurkako Fiskaltzak harturiko jarrera oztopatzailea salatu dute.
Gaineratu zutenez, egoera horretan, inoiz baino garrantzitsuagoa da larunbaterako antolaturiko lurralde blokeoan parte hartzea, herritarrei desobedientzia ekintza horrekin bat egiteko gonbidapena berriro ere luzatuz.
Iritzi aldaketa deigarria
CPMS batzordearen iritzi aldaketa deigarria nabarmendu du Esnalen dozierra aztertzeko auzi saioaren harira Maritxu Paulus Basurco abokatuak. Duela bi urte, presoen balorazioaz arduratzen den batzordeak, lohizundarra kartzelan atxikitzeak ez zuela ezer konpontzen adierazi ondoren, presoari baldintzapeko askatasuna ematearen aldeko txostena idatzi zuen. Bi urte geroago, presoak CNE izeneko bertze batzordearen aurrera pasatu behar duen edo ez epaitegiak eginiko kontsultari erantzunez, presoa aske uztearen kontra azaldu da.
Fiskalak bere egin zuen batzordeak igorritako idatzian agertzen den «bertsio sinesgaitza», Paulus Basurkok NAIZi azaldu dionez. Hain zuzen, 71 adineko presoa kartzelan atxikitzeko argudio bezala «ETAk ez duela bere armategi osoa eman» defendatu du oraingoan CPMS batzordeak. Lehendakari eta kide berak dituen batzordeak duela bi urte eta orain iritzi guztiz kontrajarriak eman izanak harridura sortzen du.
Bestalde, fiskalak galdera luzatu dio epaileari Kasazio Gorteak presoaren defentsaren posizioa babestuz harturiko ebazpenaren aurka jotzeko.
Kasazio Gorteak arrazoia eman zion Esnalen defentsari joan zen martxoan plazaratu zuen ebazpenaren bidez. CNE batzordearen aurrean pasatzea derrigorrezko tramitetzat jotzen zuen fiskalaren argudio nagusia alboratu zuen goi epaitegiak.
Fiskalaren jokabidetik haratago, Esnalen abokatuak azaldu duenez, auzi saioa «giro egokian» igaro da. «Epaileak denbora hartu du dozierra berraztertzeko, eta irailean helduko den erabakiaren zain gelditu gara», laburbildu du abokatuak. Finean, frantses Justiziak, Esnalen zein Paroten kasuan, kartzelaldi luzea bukatzeko «baliatu beharreko aukera» eskura duela nabarmendu du abokatuak.