NAIZ

Osakidetzak sukar hemorragikoa duen paziente bat artatu du Donostiako Ospitalean

Osakidetzak sukar hemorragikoa duen paziente bat artatu du. Osasun Sailak azaldu duenez, segurtasun eta isolamendu handiko baliabide bereziak jarri ditu abian Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Segurtasun Biologiko Handiko Unitatean. Gaixoa egonkor dago.

Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Segurtasun Biologiko Handiko Unitatera eraman dute gaixoa.
Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Segurtasun Biologiko Handiko Unitatera eraman dute gaixoa. (IREKIA)

Krimea-Kongoko sukar hemorragikoarekin kutsatutako pertsona bat iritsi da ostegun honetan Euskal Herrira. Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Segurtasun Biologiko Handiko Unitatera eraman dute, eta, jakinarazi dutenaren arabera, egonkor dago.

Lakuako Osasun Sailak ohar batean azaldu duenez, Osasun Ministerio espainiarrak dei egin die hainbat unitateri sukar hemorragikoaz kutsatutako paziente bat hartzeko, eta Lakuako Gobernua prest agertu da.

Krimea-Kongoko sukar hemorragikoa (FHCC) nairobirus batek eragindako gaixotasuna da, eta kutsatuta dagoen akain baten ziztadaren bidez transmititzen da nagusiki. Gaixotasuna isilean ager daiteke; izan ere, infektatutako pertsonen ehuneko handi batek ez du sintomarik izaten, gaixotasunak sukar altua eta odoljario iraunkorrak eragin baditzake ere. Gaixotasunaren kasu larrietan, hilgarritasuna %10-40koa da.

Gaixoa Donostiako Unibertsitate Ospitalera eramatea erabaki dute. Izan ere, bertan gaixotasun infektokutsakorrak dituzten eta isolamendu eta segurtasun-baldintza zorrotzak behar dituzten pazienteentzat gaitutako gela bat dago.

Osasun Sailaren esanetan, «pazienteen eta profesionalen segurtasunari garrantzia berezia ematen zaio eremu horretan».

Eremu bakoitza gainerakoetatik isolatuta eta presio negatiboz eta klimatizazioaz hornituta dago. Gelan sartzen den pertsonak hipoklorito sodiko bidezko deskontaminazio-dutxa bat hartu behar du irten aurretik, eta eremu horretatik eraikinaren gainerako lekuetara mugitzen den ekipamendu orok ere hidrogeno peroxido bidezko deskontaminazio-prozesu bat jaso behar du.

«Prozesuan parte hartzen ari diren Osakidetzako profesionalek beren lana egiteko beharrezkoa den ezagutza eta prestakuntza dute», gaineratu du sailak, lasaitasun-mezu bat helarazi duenak.