Emakumezkoen bigarren mailan, Hibaikak kolpe sendoa eman du Errenteriako Hiria Emakumeen Traineru Elkarteko Liga IV. Ikurrinan. Jaietan murgilduta dagoen herrian, erlojupekoan egin da estropada eta bertan etxeko trainerua izan da azkarrena. Hibaikak hiru segundoko aldea atera dio Deusturi, bigarren, eta ia hamar Hondarribiari, hirugarren.
Deustu izan da lehen ziabogan markarik onena egin duena (4:20), Hibaika baino segundo bat hobeto eta Hondarribia eta Zumaia baino lau segundo hobeto. Baina bigarren eta azken luzean Hibaikak hortzak estutu eta garaipen oso garrantzitsua lortu du etxean sailkapen nagusian Hondarribiarekin 64na punturekin lidergoan berdintzeko.
Bi ontzi hauen atzetik daude, orden honetan, Deustu (58 puntu), Zumaia (47), Ondarroa (39), Zarautz (34), Hernani (29), Castro (16) eta Portugalete (9).
ETE Ligako hurrengo estropada hilaren 30ean izango da, Camargoko Udaletxeko II. Bandera lehian egongo delarik (Kantabria).
KAE1 Liga: San Jaun nagusi San Pedroren aurretik
KAE1 Ligako estropada ere izan da larunbat honetan, Errenteriatik gertu gainera. Trintxerpek jaso du erlojupeko proba eta bertan San Juan izan da nagusi. Hori bai, 20.27:92ko denbora lortuta, zazpi ehunekoengatik bakarrik gailendu zaio liderra de San Pedrori. Hirugarren Arkote izan da.
Pedreña, Zumaia, Zarautz, Hondarribia B, Castro, Deustu, Camargo, Orio B eta Busturialdeak, orden honetan, osatu dute estropada. Hala, zortzi proba jokatu ostean, San Pedrok jarraitzen du lider, 86 punturekin, eta honakoek jarraitzen diote: Arkote (78), Zarautz (73), Pedreña (72), San Juan (71), Hondarribia B (46), Zumaia (45), Castro (43), Deustu (40), Camargo (34), Orio B (22) eta Busturialdea (14).
KAE2 Liga: Lapurdi, Trintxerpen garaile
KAE2 Ligako estropadan, Trintxerpen baita ere, Lapurdi izan da garailea eta lider sendoagoa da orain, Donostiarra B-ri 12 puntuko aldea ateraz.
Bigarren txandan aritu diren bost traineruek dagoeneko lehenengo ziabogan aurreko txandako lau ontzien denborak hobetu dituzte. Pentsa, Castrok eta Astillerok 2:25eko marka egin duten bitartean, Portugalete, Donostiarra B eta Lapurdik 2:19 egin dute lehen biraketa horretan.
Bigarren ziabogan hasi dira gauzak zertxobait argitzen, bi taldeen arteko lehia utziz. Izan ere, Donostiarra B-k eta Lapurdik markak berdindu dituzte (7:50), orduko onenak zirenak, lau segundoko aldea ateraz Mutrikuri, bost Portugaleteri eta zortzi Hibaikari.
Azken maniobran, denborak berdindu dituzte berriro ere Donostiarra B-k eta Lapurdik (12:55), dena berdin bazihoan, garaipena beraien artean egongo zela argi utziz.
Amaierako metroak tentsio handikoak izan dira eta azkenean Lapurdi izan da irabazlea (21:05.13), segundo bateko aldea ateraz Donostiarra B-ri. Ondoren geratu dira Mutriku, Portugalete, Hibaika, Astillero, Santoña, Castro eta Trintxerpe.
Sailkapen nagusia, berriz, honela geratzen da: Lapurdi (54 puntu), Donostiarra B (42), Hibaika (36), Mutriku (35), Portugalete (34), Astillero (28), Santoña (19), Castro (16) eta Trintxerpe (6).