Maddi Txintxurreta

Presoen eskubideen alde 300 kilometro metatuta, Donostian amaitu da Sareren Bizikleta Itzulia

Etxarritik abiatu zen tropela ostiralean eta igande eguerdian iritsi da Bulebarrera. «Eskatzen dugu legeak dioen bide hori euskal presoei parez pare irekitzea eta salbuespenezko neurri guztiekin amaitzea», aldarrikatu du Sareren bozeramaileak V. Bizikleta Itzuliaren amaieran.

Bizikleta Itzulian parte hartu dutenen familia-argazkia Donostian.
Bizikleta Itzulian parte hartu dutenen familia-argazkia Donostian. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Pasa den ostiralean Etxarritik abiatu eta hiru egunez kilometroak metatu ostean, igande goizean Donostiara iritsi da Sarek antolatutako V. Bizikleta Itzulia, ‘Etxera bidea gertu’ lelopean. Helmuga, ordea, atzitzeko da oraindik: salbuespen legedia behin-betiko amaitzea, Inaxio Oiarzabal bozeramaileak nabarmendu duenez.

Hiru egunetan, 300 kilometrotan, 300 lagun inguruk hartu du parte euskal presoen eskubideen aldeko ekimenean. Etxarritik Durangora egin zuten ostiralean –Gasteiztik igarota–, handik Azpeitiara larunbatean eta azken etapa Donostiako Bulebarrean amaitu dute. 12.30ak aldera iritsi da jaka horiz jantzitako tropela, txalo artean, ‘Euskal presoak, etxera!’ oihukatuz.

Pauso positiboak oso ondo daude, gerturatzeak, isolamenduaren amaiera, lehen graduen amaiera...  baina oraindik preso asko euskal herriratu gabe daude eta hori konpontzea lehentasunezkoa da. Bestalde, bigarren graduan egonda ere, presoek oztopo asko dituzte baimenak lortzeko, baita hirugarren graduak lortzeko ere. Eskatzen dugu legeak dioen bide hori euskal presoei parez pare irekitzea eta salbuespenezko neurri guztiekin amaitzea», adierazi dio prentsari Sareren bozeramaileak.

«Aupa zuek!», egin die oihu Oiarzabalek Bizikleta Itzulian parte hartu dutenei. Sareren bozeramailearen hitzetan, indarrez eman dituzte pedalkadak bidean, bultzada pozgarriak ere jaso baitituzte: ostiralean 11 euskal presoren gerturatzearen berri izan zuten eta larunbatean, berriz, «pedalkadak indarrez bete zizkiguten atzo Bake bidean eta Bake artisauek eginiko ekimenak». Larunbatean, beraz, Ipar zein Hego Euskal Herriko errepideak eskubideen aldeko agertoki bilakatu ziren.

Orain arte bezala, kalean aktibo

Euskal presoen auzian «azken urteetan eman diren urratsak irekitako aukera aprobetxatu beharra» dagoela aldarrikatu du Inaxio Oiarzabalek: «Salbuespen legedia behin betiko amaitzeko aukera eta ardura dugu eskuartean. Euskal herriratzeekin hasi, graduen progresioa garatuz eta bizi osorako zigorrekin amaituz, etxeratze prozesua egiteko ordua da».

Bizikleta martxa Donostiara iristen. (Gotzon ARANBURU/FOKU)
Bizikleta martxa Donostiara iristen. (Gotzon ARANBURU/FOKU)

Hori lortzeko, orain arte bezala «kalean aktibo» segitzeko premia helarazi die Donostian elkartu diren lagunei. «Bide hori egiteak ekarri gaitu honaino, eta bide hori muturrera eraman arte horretan jarraituko dugu», berretsi du.

Sareren bozeramaileak bere hitzartzea amaitu duenean, kantuz ospatu du tropelak V. Bizikleta Itzuliaren arrakasta.

Datozen mobilizazioak

Bizikleta martxa ez da Sarek uda partean antolatzen duen ekimen bakarra. Hurrengo zitak abuztuaren 3an Gasteizen (18.00, Bilbo plaza), 20an Donostian (12.30, Bulebarrean) eta 26an Bilbon (13.00, Eliptika) dira.