NAIZ

Covid-19aren intzidentziak behera egin du EAEn, baina 47 pertsona hil dira azken astean

Intzidentzia metatuak bezala, behera egin du covid-19agatik EAEko ospitaleetan ingresatutako gaixo kopuruak. Hala ere, otsaila bukaeratik erregistratu den hildako kopuru handiena utzi zuen aurreko asteak: 47 pertsona zendu ziren koronabirusarekin.

Azken astean 47 pertsona hil dira EAEn covid-19aren ondorioz.
Azken astean 47 pertsona hil dira EAEn covid-19aren ondorioz. (Gorka Rubio | Foku)

Covid-19aren 14 egunetako intzidentzia metatuak beherantz jarraitzen du EAEn, zehazki, 496,9 kasu izan ziren 100.000 biztanleko igande honetan. Pasa den astean ospitaleko presioa ere leundu egin da, baina 47 pertsona hil dira koronabirusarekin, uztaileko bigarren astean baino hamar gehiago.

Horrela, Lakuako Osasun Sailak emandako datuen arabera, intzidentziak aurreko astean hasitako joerari eusten dio, azken egunotan positibo kopurua jaitsi egin baita (4.072 izan dira, aurreko astean 6.828 izan ziren).

Aztertutako egunetan, uztailaren 18tik 24ra bitartean, covid-19agatik hildako pertsonen kopuruak gora egin du, eta 47ra iritsi da, aurreko astean baino hamar gehiago. Otsailaren bukaeratik eman den zifrarik altuena.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ospitaleetako egoerak hobera egin du: 26 gaixo daude ZIUn, aurreko igandean baino zortzi gutxiago, eta 550 ospitaleratu daude plantan, duela astebete baino 116 gutxiago.

R0

Kutsatutako pertsona batek zenbat lagun kutsa ditzakeen adierazten duen R0 zenbakia 0,78an kokatzen da, eta zazpi egun horietan behera egin du.

Adierazle hori desberdina da lurralde bakoitzean: Araban 0,78tik 0,83ra igo da; Bizkaian jaitsi egin da eta 0,81etik 0,79ra; eta Gipuzkoan 0,74 izaten jarraitzen du.