NAIZ

Europako 38 milioi langilek ezingo dute aurten oporrik hartu

Europan 38 milioi pertsonak baino gehiagok ezingo dute uda honetan astebeteko oporraldia egin, nahiz eta urte osoan lanean aritu, Sindikatuen Europako Konfederazioaren ikerketa baten arabera.

Turista talde bat Lavezziko kostan, Korsika ondoko irlan.
Turista talde bat Lavezziko kostan, Korsika ondoko irlan. (Pascal POCHARD-CASABIANCA | AFP)

«Bizi kostuaren krisia langileen gaineko presioa areagotzen ari da. Izan ere, gero eta pertsona gehiagok jakinarazten dute zailtasunak dituztela hilaren amaierara iristeko eta oporrak are eta urrunago jartzen dituzte», dio Sindikatuen Europako Konfederazioaren (SEK) txostenak. Eta ez da gutxiagorako, egindako ikerketaren arabera, Europan 38 milioi langilek ezingo dute uda honetan astebeteko oporraldia egin, egoera ekonomiko larria dela-eta.

Oporrak ordaindu ezin dituzten biztanle guztien proportzioa Europar Batasuneko estatu kideen erdietan baino gehiagotan handitu da pandemiaren aurretik, eta oporrak ordaindu ezin dituzten langileen proportzioa 11 herrialdetan hazi da.

Zenbakirik okerrenak Errumaniak, Greziak eta Lituaniak aurkezten dituzte, eta hauen atzetik datoz Italia, espainiar Estatua eta frantziar Estatua. Espainiar Estatuan 4,6 milioi langile ditu arrazoi ekonomikoengatik oporretako atsedenaldia hartu ezin dutenak, eta frantziarrak 4,1 milioi. «Zenbaki hauek bat datoz Europako enpresen irabazien partaidetzaren igoerarekin, eta horrek esan nahi du exekutiboek eta akziodunek euren artean diru gehiago pilatu dutela langileen kaltetan», dio SEK-ek.

Konfederazioak aurkeztutako zifrak Eurostaten azterketa batean oinarritzen dira. Azterketa hori ez dago jendaurrean eskuragarri, eta Europako Institutu Sindikalak egin du, Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen ikerketa zentro independenteak. Eurostatek emandako ehunekoetatik abiatuta oporrak hartu ezin zituzten langileen guztizko kopurua kalkulatu zuen SEK-ek.

Konfederazio honen parte dira, besteak beste, ELA, CCOO, UGT edo CGT, eta «premiazko neurriak» eskatu ditu Europan soldata larrialdiari aurre egiteko. «Europar Batasunak eta estatuetako gobernuek langileei lagundu behar diete, energiaren eta elikagaien prezioen krisia arintzeko eta diru sarrerei laguntza emateko bitartekoen neurriekin».

«Patroientzat bizitza hondartza bat da»

Esther Lynch-ek, SEK-eko idazkari nagusiaren albokoak, oporren garrantzia azpimarratzen du: «Baliteke uda izatea, baina bizitza ez da erraza milioika langilerentzat, astez aste lan egin arren, familiekin atseden hartzeko luxurik ez dutenentzat». Zentzu horretan, oporrek ez luketela «luxua izan behar» nabarmentzen du. «Oso garrantzitsuak dira langileen osasuna eta ongizatea bermatzeko, baina mahaian janaria jartzeko eta alokairua ordaintzeko borrokan ari diren pertsona askok, bizi kostuaren krisiaren erdian, ezin dituzte gozatu».

Beste aldean, aldiz, irabaziak daudela gogorarazten du Lynchek. «Bitartean, bizitza hondartza bat da pandemia erabili duten patroientzat, are eta irabazi gehiago poltsikoratzeko». Honen arabera, oporretako arrakala hori handitzeak «Europako ekonomiak ez duela langileentzako funtzionatzen» erakusten du. «EBk eta gobernu nazionalek negoziazio kolektiboa babesteko eta indartzeko erantzukizuna dute, langileek zati justua lortuko dutela eta biziraun beharrean bizitzaz gozatu ahal izango dutela bermatzeko modurik onena baita».