NAIZ

Euskal eta georgiar literaturak aztertuko dituzte Tbilisiko biltzar akademiko batean

Uztailaren 26 eta 27an euskal eta georgiar literaturak aztertuko dituzte Tbilisin, Georgiako hiriburuan, ospatuko den Literatura Konparatuaren Nazioarteko Elkartearen XXIII. biltzarrean.

Tbilisiko kaleak.
Tbilisiko kaleak. (Lukas BISCHOFF | GETTY IMAGES)

Literatura Konparatuaren Nazioarteko Elkartearen XXIII. biltzarraren (ICLA) baitan, zeina uztailaren 26tik 29ra Tbilisin, Georgiako hiriburuan, ospatuko den, euskal eta georgiar literaturak aztertuko dituzte. Literatura konparatuko 2.000 adituk baino gehiagok parte hartuko dute hiru urtean behin egiten den biltzar honetan, eta ‘Identitatea eta bestetasuna: euskal eta georgiar literaturen ikuspegi konparatiboa’ izeneko panela uztailaren 26 eta 27an izango da.

1955ean sortua, ICLAk konparatisten arteko elkartrukea eta lankidetza sustatzen ditu, bai banaka, bai literatura konparatuko hainbat elkarte nazionalekiko lankidetzaren bitartez. Hori horrela, idazleak, itzultzaileak, editoreak, kritikoak, literatura adituak eta akademikoak elkartzen dira bertan, besteak beste. 2022ko kongresuaren gaia ‘Munduko literaturak berriz irudikatzea: globala eta tokikoa, korronte nagusiak eta marjinak’ da.

Ekitaldia 55 paneletan banatuta dago. Horietako batean, ‘Identitatea eta bestetasuna: euskal eta georgiar literaturen ikuspegi konparatiboa’ izenekoan, elkarrizketa bat sortzeko helburuarekin, euskal literaturaren eta georgiar literaturaren nortasunari eta alteritateari buruzko gakoak eztabaidatuko dituztela aurreratu du Etxepare Euskal Institutak.

Tbilisiko Estatu Unibertsitatean (TSU) Euskara eta Euskal Kultura irakurle den Martin Artolak eta Garbiñe Iztuetak, Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatzeko eta Hedatzeko zuzendariak, antolatuta, panela hiru hitzaldi nagusiz egongo da osatuta: Izaro Arroitaren (UPV/EHU) ‘Oroitzapen gatazkatsuak eta gatazkan dauden familiak; identitatea eta bestetasuna euskal literatura garaikidean’, Paulo Kortazarren (UPV/EHU) ‘Nazio identitatea mundu globalizatuan; bestetasuna estaturik gabeko herrialde batean. Euskal Literatura Garaikidearen kasua’ eta Dato Turashviliren (TSU) ‘Euskal Herriko zeruak Georgiako zeruaren itxura badu?’.

Etxepare euskal institutuak azaldu duenez, panel honen helburua «identitatearen kontzeptualizazio literarioari eta, hala dagokionean, euskal identitatearen eta nortasun georgiarraren birnegoziazioari lotuta, bi literaturetako mugarri garrantzitsuenak identifikatzea eta alderatzea da». Hortaz gain, Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi du bigarren helburu bat euskal eta georgiar idazleek «euskal eta georgiar identitatearekiko ikuspegi kritikoei egindako ekarpenak» eztabaidatzea izango dela.