«Txapelketa modu berri hau ez dakit gure aldekoa izango den, ze azken denboraldietan ikusi da kanporaketak diren partida horietan pixka bat gehiago kostatzen zaigula edo indarrak askoz ere gehiago parekatzen direla. Taldeak bereziki esfortzatu beharko du aurrera egiteko. Lehendabiziko fasea berdina da eta horretan pentsatzen gaude. Play-offak iristen direnean aldatuko dugu pentsaera. Helburua, lehen fasea lehenengo postuan bukatzea izango da».
Argi eta garbi hitz egin du Esther Arrojeria Bera Berako kapitainak lehendabiziko entrenamenduan. Usurbilgoak opor motzagoak izan ditu Mediterraneoko Jokoak jokatu zituelako Espainiako selekzioarekin –Loidi, Aalla, Laura Hernandez eta Imanol Alvarez entrenatzailearekin batera– baina «ilusioz beteta» dagoela onartu du.
Helburuak, «betikoak» direla-eta, European League txapelketako multzoen fasea hurbilago ikusten dutela iritzi du Arrojeriak. «Kanporaketa bakarra jokatzea irabazi dugu; zortea izan dugula esan behar nuen, baina ez, pribilegio hori irabazi egin dugu», azaldu du eta beraz, «hainbeste desio dugun multzoen fasetik apur bat gertuago gaude».
Liga, Kopa eta Superkopa irabazteko borrokan egongo da Bera Bera beste urte batez eta horretarako, hiru fitxaketa egin ditu: Paula Arcos, Anne Erauskin eta Giuliana "Shula" Gavilan. Hiruak egon dira Jose Antonio Gasca kiroldegian eginiko lehen lan saioan. Aurpegi berri hauekin batera, Haizea Urretabizkaia harrobiko jokalaria –aurreko denboraldian debuta egin zuena– eta Eider Tapia Bidasoako jokalari gaztea ere egon dira. Entrenatzera ez ezik, aukera bila ere batu dira taldera.
Kapitainaren ustetan, eginiko fitxaketak maila handiko jokalariak dira eta taldearen muina mantendu izana garrantzizkotzat jo du, berrien egokitzapena azkarrago izan dadin. Horretan, abantaila bat daukatelakoan da usurbildarra eta denboraldi-aurre hau egokitzapena findu eta sentsazioak berreskuratzeko baliatu behar dutelakoan da, liga hasierako partida zail horietara puntuan iristeko. Malaga, Granollers eta Elx izango dituzte aurrean eta Arrojeriaren ustez, «partida hauek markatu dezakete nola joango den denboraldia».
Denboraldi-aurre exijentea
Liga hasierara erritmoz ondo iristeko, zortzi partida jokatuko dituzte donostiarrek abuztuan zehar; goi-mailako arerioen aurkako partidak, gainera. Hilaren 6an, Zuazoren aurkako euskal derbiarekin estreinatuko dira Zarautzen eta lau egun beranduago, 10ean, Baionan, Merignac talde frantziarra izango dute arerio.
Denboraldi-aurreko hitzordurik garrantzitsuena 16tik 19ra iritsiko da, Celles sur Bellen jokatuko dituzten hiru partidekin. Danimarkako Ikast Handball, Celles sur Belles talde frantziarra eta Alemaniako Leverkusenen aurka jokatuko dute. Abuztuaren 24an, Egiako torneoaren barnean, igo berri den Beti Onak-en aurka arituko dira eta Summer BAG txapelketarekin itxiko dute denboraldi-aurrea.
Hainbeste lagunarteko eta goi-mailako arerioen aurka jokatzea nahita hautatutako kontua izan dela onartu du Imanol Alvarezek. «Lan-saioetan praktikatutako guztia helarazteko modu bat da, partida horiek txapelketa moduan ikustea. Partida asko jokatzea gustatzen zait eta uste dut emaitza berdina lortu daitekeela», adierazi du.
Ermuarrak uste du urtez urte lehiakortasuna hazten doala eta ligaren egitura berriarekin hori are ageriagoan geratuko dela. Nolanahi ere, liga hasiera beste modura batera ikusteko aukera ere ematen du, nahiz eta «Bera Berari beti, partida bakoitza, irabaztea dagokion». «Uste dut egitura berri honek ikusgarritasun handiagoa eman diezaiokela ligari eta talde bakoitzari. Urteak daramatzagu esaten hazi egin behar dela txapelketa, urrats bat eman behar dela eta uste dut hau hasiera ona izan daitekeela», azaldu du.
Entrenatzaileak ere garrantzia eman dio taldearen muina mantentzeari eta ekarritako jokalariek txapelketa ezagutzen dutela, uste baitu egokitzapena askoz errazagoa izango dela. Jokatzeko moduari dagokionez, defentsan alternatiba gehiago izango dutelakoan da eta erasoan, beti bezala jarraitzea.
«Jokalari moduan hobetzea»
Fitxaketa berrietako bat da Paula Arcos, azken liga txapelketako jokalari onena. «Ilusioz» dago denboraldi berri honetarako, «jokalari bikainekin partekatuko baitut taldea, entrenatzaileak ere asko daki eta proiektua oso ondo dago». Nabarmendu du Bera Berako guztiek jarri dutela aletxoa bera Donostian egoteko eta beraz, egin duten esfortzua «itzultzea» izango du xede valentziarrak.
«Eskubaloian hazten den neska orori gustatuko litzaioke Bera Berara iristea. Nik aukera hori daukat eta ahalik eta gehien aprobetxatzen saiatuko naiz», azaldu du, garaikurrak irabaztea ere xede duela ezkutatu gabe.
Era berean, «jokalari moduan hobetzea eta hobetzen jarraitu» dezakeela erakutsi nahi du, eta pista barnean ez ezik, kanpoan ere taldea egiteari garrantzia eman dio: «Pista barnean zein kanpoan giro ona edukitzea funtsezkoa da».