Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / Redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

Itzuleraren bestak ospatzeko irrikaz bere itxuraldaketa garaiz kausitu du Baionak

Bezperek duten itxaropen usaina zerion Lapurdiko hiriburuari. Urduritasun pittin bat sumatzen zen, prestaketa guztiak garaiz kausitzeko premia baitzen. Batzuk karrikako postuetan arropak erostera joan ziren, beste batzuk hornitze-lanak egiten zituzten bitartean.

Azkeneko prestaketak nagusi ziren atzo bestetarako prestatu den hirian.
Azkeneko prestaketak nagusi ziren atzo bestetarako prestatu den hirian. (Guillaume FAUVEAU)

Covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz, 2020 eta 2021eko hiriko ospakizunik erraldoiena ezeztatu behar izan zutenez, bestetako 90. edizio bereziari besta gose zaharrarekin ekinen diote baionarrek.

«Biztanleek besten hutsunea sufritu dute», aitortu zuen Jean-Rene Etchegaray auzapezak besta egitaraua aurkezteko agerraldian. Besten irekieraren bezperan hiriko gune anitzetan, baita garraio sarean edo kanpinetan ere, atzo sumatzen zen mugimendu biziak hiria galdutako denbora berreskuratzeko prest dela jakitera ematen zuen.

Ostatuko jabe eta elkarteetako lagunentzat janari eta edarien hornikuntza bermatzeko eguna izan zen atzokoa. Horrez gain, Udaleko beharginak azkeneko lanetan murgilduak ziren, jende uholdea helduko denerako zerbitzu guztiak prest izan daitezen.

Gaur 20.00etan abiatuko dira Patxa plaza «guda-eremu» duten besta alternatibak. Bi oren geroago, Herriko Etxeko balkoiari so izanen dira milaka herritar, poza eta gozamenaren garaiari atea zabaltzen dizkioten giltzak jasotzeko prest.

Besta irekiera ofiziala gauzatu aitzin, tradizioari eutsiz, gorputza prestatzeko ekimena izanen da. Goizean goiz Biarritzetik abiatuko den bestazaleen lasterketak Baionako Pedros kaian izanen du helmuga. Zangoak astindu ondoren, sabela betetzeko ordua helduko da. Kofradia eta elkarteen eskutik gastronomiarekin lehenengo hitzordua izanen baita, goiz erditsuan, Merkatu Plazan.

Bertan ospatuko den munduko piper moletaren (tortilla) txapelketak nork irabazi duen jakin orduko, aitzin-aperitifaren tenorea arribatuko da. Eta konturatu baino lehen, hiriko edozein ostatutan, elkartetan edo karrika-txokotan mokado bat hartzeko ordua. Lankide, lagun edo familia giroan bazkaria egiteko ohitura handia badago. Jakina denez, elkarrekin fiteago iraganen baita besta irekiera ofiziala heltzeko atzerako kontua.

Besta garbiago egitea, denon ahotan

Helburu horretara hurbiltzeko, ehunka, milaka, bisitari jasoko dituen hiriak prestatze-lan mardula egin behar du ezinbestean.

Bestak ate joka zirela, Herriko Etxeak eta, oro har, segurtasuna bermatzeko lanetan jarduten duten egitura guztiek prebentziorako mezuak biderkatu zituzten.

25.000 alkoholemia test banatuko ditu Baionako Udalak bestekin loturiko errepide istripuak saihesteko planari ekarpena egiteko. Peñek babes guneak kudeatuko dituzte aurten «ataka zailean dauden herritarrei» lehen esku kolpea emateko asmoz.

Ziztaden aferak kezka berezia eragin du. Horrendako, sorospen-zerbitzuen gune nagusia den Elkarteen Etxean unitate berezia jarriko dute berriki hedatu den eraso mota hori paira dezaketen herritarrei arreta bermatzeko.

Peñek ere beste neurri bat asmatu dute. Edalontziak babesteko estalkia salduko dute euro batean beraien lokaletan. Michaela Clapisson peña gehienak biltzen dituen elkarteko lehendakariak NAIZi azaldu dionez, «gehienbat emazte gazteek helarazi diguten kezkari erantzunez hartu dugu neurria». Besta ahal bezain garbi eta seguru izan dadila denontzat lan eginen dute, ondoko bost egunetan, Paf elkarte feministaren eskutik formazioak egin dituzten eta peñetan edo Patxako eremuan jarduten duten eragileek.

Kultur ohituren transmisioa eta bestaren kodeak berritzeko erronka ahalegin bateratua delako.