Errioxako Huercanos herriak bere patroi San Pantaleonen eguna ospatu du asteazken honetan eta osagai guztiak zituen jaialdi polit eta erakargarria izateko. Izan ere, bertan CaixaBank Masterseko lehen jardunaldian porrota jaso zuten bi bikoteren arteko partida jasoko zuen bigarren jardunaldi honetan, eta bestetik, Unai Laso astelehenean bueltatu zen kantxetara lesio batengatik aste batzuk geldirik egon osten, eta gaurkoan bere mailak nola jarraitzen duen ikusteko aukera bikaina zen.
Astelehenean, Albisurekin batera, 20-22 galdu zuen Baikoko aurrelariak Jaka-Mariezkurrena II.aren aurka Elizondoko Baztan pilotalekuan jokatutako jaialdian, eta asteazken honetan beste aukera bat izan du maila fisikoa berreskuratzen joateko. Gaurkoan ezin izan du ezta ere garaipena lortu, Jaka eta Zabaletaren aurka 22-15 galdu baitu.
Partidak ez du hutsik egin. Lehenengo zatian bi bikoteek berdintasuna eskaini dute Huercanosen (7-7). Martijak bikotekidea aldatu du gaurkoan, Laso berreskuratuz eta aurreko neurketan jokatutako Artolari “atseden” emanez. Beste bikoteak, berriz, Erik Jakak bidea ireki die gorriei.
Lehen zati orekatu horren ostean benetan partida apurtu duena, hori Jose Javier Zabaleta izan da. Nafarra zerbaitengatik da gaur egungo atzelaririk jotzaileena eta onenen artekoa, eta beste behin erakutsi du, neurketa guztiz apurtuz bigarren zatian.
Aipatu behar da Zabaletak atzo jokatu zuela Ordizian, Irribarriarekin batera 22-14 galduz Altuna III.a-Rezustaren aurka, eta hasiera batean kostatu egin zaiola partidan sartzea, berak partida amaieran aitortu duenez. «Hasieran kostatu egin zait. Lehenengo zortzi tantoetan ez naiz gaizki aritu, baina pixka bat gorputza soltatzea kostatu zait eta hortik aurrera ondo sentitu naiz».
Eta nola gainera! Eskuin esku bortitza atera du Masterseko lehen garaipen garrantzitsua lortzeko.
Kontrako aldean, Unai Laso «pozik» agettu da lesioa atzean utzi duelako, baina argi esan du ez duela oso ondo jokatu, normalean egiten ez dituen hutsak eginda gainera. «Ez nago nire momenturik onenean, normala da. Aste batzuk daramazkit jokatu gabe eta orain ea erritmoa hartzen hasten naizen. Duela asko ez nuela Julenekin jokatzen eta horregatik izorratzen nau eta ilusio handia egiten zidan partida ona jokatzea. Konplikatua dugu, baina jokatzen jarraitu behar dugu», azpimarratu du aurrelariak.
PARTIDAKO FITXA:
Laso-Martija: 15
Jaka-Zabaleta: 22
Pilotakadak: 450 pilotakada. Iraupena: 58:38 minutu. Markagailua: 0-3, 2-3, 2-6, 6-6, 7-6, 7-7, 7-10, 9-10, 9-11, 10-11, 10-16, 14-16, 14-21, 15-21 eta 15-22. Sakez egindakoak: 2 Lasok eta falta bat eta 1 Jakak. Jokoan egindako tantoak: 5 Lasok, 2 Martijak, 8 Jakak eta 7 Zabaletak. Hutsak: 4 Lasok, 1 Martijak, 4 Jakak eta 2 Zabaletak. Gertakariak: caixaBank Masterseko bigarren jardunaldiko partida Huercanoseko pilotalekuan jokatu da, Errioxan.