NAIZ

Inauguratu dute Urduñako kolunbarioa, «memoriaren eta duintasunaren sinboloa»

Urduñako Duintasunaren Kolunbarioa inauguratu dute ostegun honetan. Beatriz Artolazabal sailburuak adierazi duenez, «herrialde oso baten memoriaren eta duintasunaren sinboloa» da. Bertan 15 biktimen gorpuzkiak ehortzi dira, identifikatu gabeak.

Urduñako Duintasunaren Kolunbarioa inauguratu dute ostegun honetan. Urduñako Duintasunaren Kolunbarioa inauguratu dute ostegun honetan.
Urduñako Duintasunaren Kolunbarioa inauguratu dute ostegun honetan. Urduñako Duintasunaren Kolunbarioa inauguratu dute ostegun honetan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Ostegun honetan inauguratu dute Urduñako Duintasunaren Kolunbarioa, «herrialde oso baten memoriaren eta duintasunaren sinboloa». Hala adierazi du Beatriz Artolazabal Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, eta 36ko gerran desagertu ziren biktimak aurkitu eta identifikatzeko konpromisoa berretsi du.

«Euskal herritar bat lubaki, hobi edo areka batean dagoen bitartean, gerran eta gerraostean desagertutako euskaldun bat dagoen bitartean, eta hura aurkitu, hobitik atera eta identifikatzea ahalbidetzen duten arrazoizko zantzuak dauden bitartean, lanean jarraituko dugu», nabarmendu du eguerdian egindako ekitaldian.

Bertan izan dira Itziar Biguri Urduñako alkatea; Jose Antonio Rodriguez Giza Eskubideen, Memoriaren eta Giza Eskubideen sailburuordea; Aintzane Ezenarro Oroimenaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria; eta Diego Blazquez espainiar Gobernuko Memoria Demokratikoko zuzendaria.

Ekitaldian 225 hildakoen senitarteko asko izan dira. Urduñan martxan jarritako kontzentrazio eremuan hil ziren lehenik (1937-1939 bitartean) eta gero espetxe batean (1939-1941). Plaka oroigarri bat jarri dute, «beren izenekin eta proiektu honen azalpen panelekin, gerraren biktimen oroimena duintzeko».

Inauruguratutako kolunbarioan 15 biktimen gorpuzkiak ehortzi dira, identifikatu gabeak. Horietako 14 Urduñako Kartzela Zentralean hil ziren, ustez 1941eko otsaila eta ekaina bitartean, eta haien gorpuzkiak herriko hilerritik atera ziren 2014. urtean. 15. biktimaren kasuan, Amurrioko San Pedro ermitaren inguruko lubakien indusketa arkeologikoaren kanpainan aurkitu ziren garezurraren bi zati.

Azken kasu horretan, ez dago gorpuzkiak identifikatzeko aztarnarik. Beste hamalauen kasuan, Urduñako bizilagunen ahozko testigantzaren eta dokumentazioaren bidez jakin da udal hilerrian hobiratutako 14 pertsonen gorpuzkiak kartzelako presoak direla, nahiz eta orain arte egindako DNA laginen erkaketek ez duten emaitza positiborik eman.

Dena den, Urduñako kolunbarioa 60 pertsonaren gorpuzkiak hartzeko prestatuta dago, eta handitu ahal izateko pentsatuta. Horrela, etorkizunean hobitik atera eta identifikatu ezin diren gorpuzkiak lurperatuko dira, baita bertan lurperatzea erabakitzen duten familietako biktimak ere.

EAEn martxan jarri den bigarren kolunbarioa de Urduñakoa. Elgoilbarkoa 2017ko urtarrilean inauguratu zen, Olasoko hilerriaren ondoan dago eta 44 hobitatik ateratako 57 pertsonaren gorpuzkiak ditu.