CONTENIDO PATROCINADO

Uztaileko jaiei agur eta abuztukoei kaixo esango diete Etxarri Aranatzen eta Beran

Nafarroan uztaileko jaietako azken asteburua ospatuko dute. Etxarri Aranatzen larunbata eguerdian botako dute txupinazoa eta Beran gauza bera egingo dute asteartean, nahiz eta asteburu honetan hainbat kultur eta kirol jarduera antolatu dituzten.

Etxarri-Aranazko suziriak prest daude larunbatean eztanda egiteko.
Etxarri-Aranazko suziriak prest daude larunbatean eztanda egiteko. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Etxarri Aranatzen larunbata honetan (uztailak 29) hasiko dira jaiak, zapi-banaketa eginez eguerdiko hamabietan 2021ean jaiotako umeei eta ordubete beranduago herriko abesbatzak botako duen suziriarekin, bere 50 urteko ibilbidea eskertzeko. Iluntzeko 8retan "Denak etxia" manifestazioa abiatuko da, ordu erdi beranduago ohiko auzatea eskainiko dute herriko bost elkartek eta ondoren dantzaldia hasiko da Trikiteens taldearekin.

Datorren ostegunera arte (abuztuak 4) luzatuko diren jaiek aurreko urteetako egitura mantenduko dute. Horrela, igandea Aranatz elkarteen eguna izango da, astelehena kuadrillen eguna, asteartea haurren eguna, asteazkena aiton-amonen eguna, eta osteguna kintoen eguna.

Musika arloari dagokionez, gustu guztiei zuzendutako egitarua prestatu dute, honako talde hauekin: Trikiteens (uztailak 30), Los Tenampa mariatxia, Xaibor berria eta Pantxo Valbuena (uztailak 31), Trikidantz (abuztuak 1), Rockalean, Zelanda eta Skakeitan (abuztuak 2), Matraka elektrotxaranga eta Joselu Anaiak (abuztuak 3) eta Eztanda txaranga eta Burrunba elektrotxaranga (uztailak 4).

Festak hasi aurretik, ostiral honetan (uztailak 29), Mus Txapelketaren bigarren edizioa dago iragarrita, arratsaldeko 5etan hasita. Bikote bakoitzak 30 euroko izen-ematea ordaindu beharko du eta irabazleek sari bikaina izango dute: 1.000 euro eta garaikurrak.

Etxarri Aranazko erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Argiro Optika, Baizar Motor, Derry Taberna, Portuko Okindegia, Lekuona Taberna, Adia Aholkularitza.

Erraldoi eta buruhaundiak Berako kaleetara iritsiko dira asteartean. (Iñigo URIZ | FOKU)


Beran ere hainbat kultur eta kirol ekitaldi izango da asteburu honetan, baina txupinazoa ez dute  datorren asteartera arte botako (abuztuak 2). Une horretatik aurrera, bost egun luzez, beratarrek azken bi urteetan izan ez dituzten San Esteban jaiak berreskuratzeko aukera izango dute.

Berako jaiek zerbait badute, hori da herriko kaleetan inoiz ez dela musikarik falta izaten, aurtengoan honako taldeen eskutik: Incansables txaranga, Ezpelur gaiteroak, Berako txistulariak, Berako banda, musika eskolako trikitilari eta panderojoleak edota Bera Kantari taldea. Goizean goiz hasita, herriko kale eta auzoak alaituko dituzte egun guztietan. Iluntzero ere dantza herrikoiak izango dira Altzateko karrikan gaiteroen laguntzarekin.

Gauez ere ez da musika faltako, honako taldeekin: Janus Lester eta Joseba B. Lenoir (abuztuak 2), Tirri & Tery DJ (abuztuak 3), Trikidantz (abuztuak 4), Kaleko Urdangak (abuztuak 5), eta Noa & The Hell Drinkers eta Willis Drummond (abuztuak 6).

Musikaz gain, asteazkenean bertsolarien saioa izango da, ostegunean herri danborrada, ostiralean kantu bazkaria eta larunbatean herri bazkaria. Jaietako azken bi egunetan (abuztuak 5 eta 6) autobusak izango dira inguruko herrietatik etortzeko eta goizaldean itzultzeko, honako herrietara: Etxalar, Igantzi, Arantza eta Lesakara. Joan-etorriak 5 euroko prezioa izango du eta musukoa derrigorrezkoa izango da.

Berako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Berako Udala, Manuel Taberna, Bidaxka Taberna