CONTENIDO PATROCINADO

Xanistebanak Oiartzunera itzuliko dira eta saninazioak Azpeitira eta Algortara

Uztaila amaitzear den honetan, saninazioek eta xanistebanek hartuko dute Gipuzkoa eta Bizkaiko jaien erreleboa. Horrela, bi urteko etenaldiaren ondoren, Xanistebanak Oiartzunera itzuliko dira eta saninazioak Azpeitira eta Algortara, beste askoren artean.

Bi urteko etenaldiaren ondoren, soka-dantzak eta txupinazoak emango die berriro hasiera Oiartzungo xanistebanei.
Bi urteko etenaldiaren ondoren, soka-dantzak eta txupinazoak emango die berriro hasiera Oiartzungo xanistebanei. (Gorka RUBIO | FOKU)

Bi urteko etenaldiaren ondoren, Oiartzunen pozik eta ilusioz beteta daude xanistebanak ospatzeko aukera izango dutelako. Datorren asteartean hasi eta larunbatera arte, herritar guztientzako moduko festak antolatu ditu Jai Batzordeak. Aurten lehen aldiz, gaueko autobus zerbitzua ere izango da.

Ohikoa den bezala, Xanisteban egunaren bezperan Udalbatzako kideek soka-dantza dantzatuko dute eta jarraian, jai hasierako suziria botako dute. Aurtengoan, Garmendia okindegi ezaguneko okinak izango dira ohore hori izango dutenak, duela hilabete gutxi erretiroa hartu ondoren, herriaren alde egindako lana eskertu nahi izan dutelako.

Xanisteban egunean (abuztuak 3), ohiko ekitaldiak berreskuratuko dituzte, hauen artean festetako ezkila joaldiak, Lartaun txistulari taldeak antolatutako kontzertu herrikoia edo auzoen arteko sokatira txapelketa.

Ostegunean (abuztuak 4) baserritar eguna ospatuko dute eta bertan ez dira faltako produktu ekologikoen azoka, idi-demak, herriko sagardogileen arteko lehiaketa edota herri kirol jaialdia.

Ostiralean (abuztuak 5) gazteen eguna ospatuko dute eta, iragarritako ekitaldien artean, bertso jaialdia txosnagunean, gazteen bazkaria eta karaokea aipa daitezke. Larunbata (abuztuak 6) haurrei eskainitako eguna izango da eta bertan ez dira faltako gaztetxoen danborrada, esku-pilota eta areto futboleko txapelketak, haur eta gazteentzako parkea, txokolatada edota musika jaialdia.

Musikak garrantzi berezia izango du eta, Done Eztebe plazako erromeriez gain, kontzertuak izango dira gauero txosnagunean. Era berean, eta aurreko urteetan bezala, Herri Musika eskolaren kale-bueltak eta Kastroko iturrian dantza bilerak antolatu dituzte txistulariekin.

Aurten lehenbiziko aldiz, gaueko autobus zerbitzu berezia egongo da herriko zortzi auzoetara, gauerditik goizaldeko 6rak bitartean. Zerbitzu honekin, alde batetik herritarrei gonbitea luzatu nahi die Jai Batzordeak parranda egin ondoren autoa ez hartzeko, eta bestetik, etxerako bidean emakumeen segurtasuna indartu nahi dute.

Oiartzungo erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Oiartzungo Udala, Lirain Autoak, Oarsoak-Beerlagun, Saiplast, Makatzaga Tailerrak, Carrocerias Fernando, Museo del Vino Taberna, Arabolaza Costrucciones, Baleio Sagardo Naturala, Haurtzaro Ikastola, Zubillaga Gestoría, Urkabe Inmobiliari Agentzia.

Azpeitian, bestalde, larunbata honetan (uztailak 30) botako dute saninaziyuetako txupinazoa. Aurten, Atzegi elkartea izango da suziria botako duena, 60 urte luzeetan inklusioaren alde egindako lana eskertzeko. Une horretatik aurrera, eta datorren asteartera arte, «denon artean eta denontzat» prestaturiko egitarauaz gozatzeko aukera izango dute Azpeitiako haur, gazte eta helduek.

Egunez izango diren txaranga eta musika bandaren emanaldiez gain, gauez honako taldeen emanaldiak daude iragarrita: Joselu Anaiak, Amak, Los Chikos del Maíz, Puro relajo, Onki Xin eta Asian Dub Foundation, besteak beste. Txosnagunean ere kontzertu egitarau zabala prestatu dute egun guztietarako: Rude Ska, Bada Giro, Ithaka, Ezpalak, Ukabil, Ziakhus, Durum Solo Karne, J. Martina eta Maixa eta Malakias.

Ikurriñari egindako omenaldiak zabaltzen ditu urtero Agortako jaiak. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Algortan ere saninazioak ospatuko dituzte asteburu honetan. Jaien hasiera ostegunean izan zen eta suziri baten ordez hori bota zituzten, 2020 eta 2021ekoak ere gogoratzeko. Ostiral honetan (uztailak 29) gazteen eta umeen eguna ospatuko dute eta bertan ez dira faltako 12 eta 15 urte bitarteko gazteentzako herri kirolak, gazte-bazkaria, bertsolariak eta gaueko kontzertuak.

Larunbatean (uztailak 30) Txipiroi Lehiaketaren XXI. edizioa ospatuko dute goizez, eta arratsaldez, saninazioetako jaitsiera tradizionala egingo dute, Lau Bidetik Ereaga hondartzako barraketaraino. Iristean, txistulariak, trikitilariak eta zezezsuzkoa daude iragarrita, baita herriko musika talde gazteen maratoia ere.

Igandean, San Inazio eguna (uztailak 31), euskal dantzen erakustaldia izango da eguerdian, kuadrillentzako tortilla-txapelketa, bertso saioa, erromeria, su artifizialak eta gaueko kontzertuak.

Algortako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Next Algorta, Hator Taberna, Cross Cafeteria, Iñaki Bitxitegia, Gaurko Moda, Ajuria Taberna, Baserri Taberna, Erroia Kafetegia.