«Arazo nazionala zen, eta da, bizkarrezurra»
Aurreko batean, nazio auzia lausotzeak edo liskar txikitan galduta bi estatuak ekuaziotik kanpo uzteak emantzipazio prozesuari –edozein dela ere horren ezaugarritzea– eragin diezaioketen kalteaz aipamena egin genuen, hor behar zela arreta jarri nabarmentzeko.
Zapalkuntza modu gordinean eta iraunkorrean ezagutu du Euskal Herriak, eta herri gisa subjektu izateko, eskubide guztiak eskuratzeko eta etorkizuna erabaki ahal izateko gogoak nolakotu du herri honen gaur egungo errealitatea. Hori kontuan hartu gabe, ez ginateke gai izango errealitate hori behar beste aztertzeko, ezta gerora begirako eztabaidak eta korapiloak behar bezala askatzeko ere.
Nazio auzia baretzeko saioak eta arriskuak ugariak izan dira, kasik ziklikoak, eta euskal herritarren artean ez dira baitezpada fede txarrez egindako operazio gisa ulertu. Esate baterako, Euskal Herrian Podemosek hauteskundeetan inon baino gehiago izan zuen arrakasta esanguratsua izan zen. Gehiengo handi batek aldaketa politiko eta soziala bideratzeko aukera zela ulertu zuen, nahiz eta euskal eremua ur zitekeen Espainiako Estatuaren balizko demokratizazio prozesu baten baitan.
Nazio askapen prozesuan murgildu direnak batzuetan taktikoki estatu mailako jokalekuan aritu behar izan badira ere, nahikoa gertakari izan dira hamarkada hauetan denetan euskal eremua aldaketa prozesuei bide emateko eremu egokiena dela egiaztatzeko; hain zuzen ere, jasandako zapalkuntza nazionalari aurre egiteko borondateak eremu hori ongarritu duelako. Nola ulertu bestela hainbat borrokak eta dinamikak gurean izan duten indar berezia?
Gainera, herri baten askatasun egarria apaltzeko edo bigarren mailan uzteko erreparorik ez duena nekez izango da egiazko prozesu askatzaile bat egituratzeko gai. Etxekaltea ere egin daiteke ideia handien izenean.
Esan bezala, halakoak ez dira gutxitan gertatu, eta bada oraindik halakoak gogorarazteko lekukotasun garrantzitsurik. Esate baterako, 2018ko apirilean, ETAk desegitea iragarri baino egun batzuk lehenago, Jose Manuel Pagoaga Peixotok “Berria” egunkarian egindako elkarrizketan gogora ekarri zituen erakunde horren IV. eta V. biltzarren bueltan arazo nazionalari garrantzia kentzeko ahaleginak. Gerora, ETA(m) izango zenaren lehen zuzendaritza osatu zuen Peixotok Txominekin eta Argalarekin batera. Harekin hitz egiteko aukera duenak haren ahotik entzungo du nola Argalak esaten zuen bi arrasatear horiekin loratu zela osoki bere abertzaletasuna, teoria eta praktika iraultzailea blaituko zuen abertzaletasuna. Aipatu elkarrizketan, Txabi Etxebarrietaren hitzak ere gogora ekarri zituen Peixotok: «Ezkerrekoei esan zien klase borrokarako Euskal Herria zela esparrua, eremu autonomoa zela Euskal Herria, eta lehentasuna arazo nazionalak zuela». Peixotok ez zuen soilik iraganari begira hitz egin, eta gaurkotasuna galdu ez duen esaldi bat ere bota zuen: «Arazo nazionala zen, eta da, bizkarrezurra».
Halako lekukotasunek gaitz handiena zein izan daitekeen gogorarazi beharko liekete euskal iraultzaileei. ETAren historian «likidazionismo» hitza maiz –maizegi– borroka armatua auzitan jarri izanarekin lotu da, baina, egiari zor, likidazionismoaren maila gorena euskal nazio proiektua kolokan jartzea dateke. •