NAIZ
Bera

Asteburuan izan diren txikizioak salatu eta errespetua eskatu du Berako Udalak

Berako Udalak «irmoki» salatu ditu igande goizaldean herrian izan ziren txikizioak. Zabor edukiontziak errekara bota, igerilekuan txikizioak eragin eta bi tabernatako terrazetako toldo eta mahaiak erre dituzte. Horrelakoak gertatzen diren lehen aldia ez dela gogoratu eta errespetua eskatu du.

Pasa den asteburu honetan berriro ere Beran «txikizioak» eragin dituztela salatu du bertako Udalak, eta «zoritxarrez» ez dela lehen aldia gogoratu du. 

Sare sozialetan azaldu duenez, igande goizaldean gertatu dira istiluak. «Hiru zabor edukiontzi Zia errekara bota dituzte, udal igerilekuan sartu eta txikizioak egin dituzte, eta, larriena, Uraldea karrikan izandako sutea. Bidaxka eta Ikuilu ostatuko terrazetako toldo eta mahai eta aulki batzuk erre dituzte oraingoan».

Udalak nabarmendu duenez, «hagitz ekintza larria izan da» azken hori eta bizilagunei esker «ondorioak ez dira larriagoak izan, beraiek izan baitira sua itzaltzera atera diren lehenak». Bera eta Oronozko suhiltzaileak ere bertaratu ziren.

Altzaten gertatu zen hori, Berako Alde Zaharrean, eta Udalak ohartarazi duenez, etxe gehienak egurrezkoak direla kontuan izanda «kalteak hagitzez larriagoak izan ahal ziren».

Ostatuen jabeei elkartasuna adierazi die eta sua itzaltzera joan ziren bizilagunei eta edukiontziak errekatik atera zituztenei eskerrak eman dizkie Udalak.

Errespetua eskatu du

Aste honetan herriko bestak izango direla-eta, «asteburu honetan izan diren ekintzak eta antzekoak ez ditugula onartzen» nabarmendu du.

Udalaren arabera, horrelako jarrerak «gutxiengo baten jokamoldeak dira eta herritarren gehingoak ez du horrela jokatzen», baina «besta errespetuz eta elkar zainduz egin beharreko kontu bat» dela aldarrikatu du.

«Ez digute besta eta ongi pasatzeko gogorik kenduko»,ohartarazi du.