Iazko abuztuan zalaparta handia ekarri zuen sareetara Gasteizen ezarritako Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak Meliton Manzanas eta Clement Perret gogoratzeko moduak. Izan ere, bi kasuotan ETAk eragindako biktima gisa definitu zituen, lehena torturatzaile aski ezaguna eta bigarrena gerra zikinean parte hartutakoa zela ezkutatuz.
Gauzak honela, aurten gutuna helarazi dio Memorialaren zuzendariari Foro Sozial Iraunkorrak, «bigarren urtez jarraian berbiktimizazio larria» saihets dezala eskatuz. Florencio Dominguez Iribarreni igorri diote, prentsa ohar batean jakinarazi dutenez.
Laster ikusiko da deialdi honek erantzuna duen ala ez, astearte honetan betetzen baita Manzanaren hilketaren urteurrena: 1968ko abuztuaren 2an hil zuen ETAk. Perreten heriotza 1985eko abuztuaren 19an gertatu zen.
Iaz, «bi kasuetan ETAren biktima izan zirela gogoratu zen, eta alde batera utzi ziren giza eskubideen urraketan izandako erantzukizunak, Gobernu frankistan lehenengo kasuan eta GALen, bigarrenean», laburbildu du Foro Sozialak. «Frantziar enpresa-gizon»tzat hartu zuen Perret Memorialak.
Artolazabali eta Ollori ere bai
Foroak erantsi duenez, «antzeko gutunak bidali zaizkie euskal zein nafar erakundeek Memorial Zentro honen Patronatuan dituzten ordezkariei, duela urtebete sortutako egoeraren aurrean babesa eskatuz. Zehazki, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko sailburu Beatriz Artolazabal eta Ana Ollo andreei, Gasteizko alkate Gorka Urtaran jaunari, Eusko Jaurlaritzako sailburuorde Jose Antonio Rodriguez Ranz jaunari eta Martin Zabalza Arregi zuzendari nagusiari bidali zitzaizkien gutunak», eman du jakitera.