jaialdiz murrizketekin, bi baino ez dira egongo, baina kalitaterik handieneko bikoteekin jokatukok da aurtengo Donostiako esku pilota feria abuztuaren 28an eta irailaren 2an. «Aurtengo feria berezi xamar dator, bi jardunaldi baina ez dira izango baina bi jaialdi erraldoi antolatu ditugu. Finalerdia ikusgarria da Laso-Zabaleta eta Altuna-Albisu partidarekin eta finalean zain Ezkurdia-Mariezkurrena daude. Nahiz eta ohikoa baino jardunaldi bat izan, nik esango nuke udako feriarik potenteena edo potenteenetakoa izango dela Donostiakoa», azaldu du Iñaxio Errandoneak gaurko aurkezpenean.
Murriketen arrazoiez galdetuta, agenda arazoak aipatu ditu Aspeko ordezkariak, Mastersak obligazio batzuk ezartzen dizkie –finalaren egunean bertan jaialdia izango da aurten feriarik izango ez duen Lekeition–, eta Donostiako feria Aste Nagusitik kanpo jokatzeko nahia, esaterako. Gauzak horrela, Bilboko feria amaitu eta Donostiakoa hasi segidan egongo dituzte.
Altunak denbora gehiago behar du
Donostiako feriaren beraren egiturak ere enpresetatik Laso eta Altunaren arteko partida bat ziurtatu nahia ere ondoriozta daiteke, biak finalerdietan iragarrita. Berez, abuztuaren 15ean jokatu beharko lukete bi izarrek Mastersaren barruan Azkoitian, baina gaur gaurkoz amezketarraren parte-hartzea kolokan dago, aurreko ostiralean Getarian hartu zuen kolpearen erruz.
Momentuz, ez du bihar Beran jokatuko –Irribarriak ordezkatuko du– eta pilotariak berak ere ia ezinezkotzat jo du asteburu honetan jokatu ahal izatea. Are gehiago, kezka puntu bat ere agertu du gal ditzakeen partiden harira, batez ere, eskuko arazoak behin gaindituta, asko ari zelako kantxan gozatzen azkenaldian.