Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes
Entrevista
Maialen Chourraut
Piraguista

«Nire ametsa Parisera iristea da; horrek ematen dit indarra egunerokotasunari aurre egiteko»

Maialen Chourraut (Lasarte, 1983) bosgarren izan berri da Munduko Txapelketan K1ean eta final laurdenetaraino iritsi da extreme kategorian. «Oso harro eta oso pozik» dago lasartearra. Txapelketa aurretik ez zuen helburu zehatzik, sentsazio onak izatetik harago. «Txukun» ikusi du bere burua.

Audio_placeholder

«Nire ametsa Parisera iristea da; horrek ematen dit indarra egunerokotasunari aurre egiteko»

Loading player...
Maialen Chourraut, Kontxako hondartzan.
Maialen Chourraut, Kontxako hondartzan. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Sorbalda ondo dago, baina oraindik denbora apur bat gehiago behar dut ondo-ondo sendatzeko. Oso ondo erantzuten ari da, errekuperazio guztia ondo joan da. Oraindik ez dago, halere, erabat errekuperatuta, pittin bat falta zaio». Augsburgeko Munduko Txapelketan bosgarren postu arras ona eskuratu ostean, irribarretsu dago Maialen Chourraut. Hori bai, oinak lurrean ditu, «lortutako bosgarren postua ez baita nire entrenamenduen isla». Denboraldi erdia galdu du sorbaldan eginiko ebakuntzaren ondotik eta Munduko Txapelketak mentalki eman dion hauspoarekin aurre egingo dio beste erdiari, 2023ra ahalik eta ondoen iristeko, NAIZi ziurtatu legez.

Ezin sinetsita bukatu zenuen K1eko finala, bosgarren eginda. Zer sentsazio dituzu jada egun batzuk pasa ostean?

Batzuetan gertatzen da zerbait oso ondo prestatu eta gauzak gero ez direla hain ondo ateratzen, bada, kasu honetan, alderantziz gertatu da. Ez nindoan oso ondo prestatuta, baina esperientziadun motxila handi bat daramat dagoeneko bizkar gainean. Helburua Munduko Txapelketara iristea izan da; irteera horretan egon eta zailtasunei aurre egiten jakitea. Era berean, burua entrenatzea, hurrengo urtean txartel olinpikoa jokoan egonda, lehiatzea zer den ez ahazteko, hari hori ez galtzeko. Alderdi mentala lantzeari ez diot sekula utzi, nahiz eta fisikoki ezin izan dudan entrenatu. Oraindik ez dut entrenamendu plan normal bat eramaten eta horrela iritsi naiz Munduko Txapelketara. Zirkuitua nahiko konplikatua zen, eta uste nuen apur bat kontran egingo zidala, ez nekielako fisikoki beheraino iristeko gai izango ote nintzen. Baina maniobrak egiten joan nintzen pixkanaka eta beste batzuk ez ziren gai izan maniobra horiek egiteko.

Txapelketa aurrera joan ahala hobeto sentitu zinen?

Finalerdietara sailkatzeko sailkapen jaitsierak oso onak izan ziren. Lehendabiziko jaitsieran,  beheko zatian, hiru segundo galdu nituen, baina nabigazioa oso ona izan zen, eta horren bila gindoazen. Soilik segundo batengatik ez nintzen sailkatu lehen jaitsieran. Bigarrenean sailkatu nahi horren presioa izan nuen [barrez] eta jaitsiera txukuna izan zen. Bideoan ikusi nuen eta benetan jaitsiera ona izan zen, hobeto egiterik ez nuen. Kontuan eduki behar da orain pala txikiago bat erabiltzen dudala, ohi baino indar gutxiago dudalako, eta beste guztiek palada bakoitzean denbora ateratzen didatela. Baina teknikoki oso ondo aritu nintzen. Lehendabiziko jaitsiera txapelketaren aurreko astean bertan egin nuen eta, beraz, finalerdietara  taldekakoan egindakoarekin eta sailkapeneko bi saioekin iritsi nintzen; jaitsierak gehitu ahala, baina, entrenamenduetan bezala, hobera egin nuen. Hamar egun lehenago ate asko egitek gai ere ez nintzen!

Egunetik egunera hobeto aurkitzen nintzen, segurtasun gehiagorekin, baina finalerdietako zirkuitua potentea zen eta ez nekien egiteko gai izango ote nintzen. Atera nintzen eta ez nintzen oso eroso aurkitzen, baina ondo zaudenean ere askotan ez zaude eroso; izan ere, Augsburgeko kanala gaizto samarra da eta ur mugimenduak ez dira maneiatzeko errazak. Azkenean, baina, moldatu nintzen. Bazegoen maniobra bat konplikatu samarra zena, eta nik  zuzenean egitea lortu nuen; horrek ere asko hobetu zuen nire denbora.

Finalak, berriz, beti du joko puntu hori. Ez zitzaizkidan bi maniobra nahi bezala atera eta pena puntu horrekin geratu nintzen; baina, gainontzean, jaitsiera txukuna izan zen, lehian egoten jakin nuen eta horregatik oso harro eta oso pozik. Gainera, zegoen giroarekin, ikuslez beteta... sekulako gozatua hartu nuen.

«Ez nindoan oso ondo prestatuta, baina esperientziadun motxila handi bat daramat dagoeneko bizkar gainean»

Nabigazioarekin kontent zaude. Solteago aritu zara, presio gutxiagorekin...

Nire helburua ez zen postu zehatz bat. Ahalik eta nabigazio onena ateratzea zen xedea eta ez zen gutxi. Munduko Txapelketa batera joan, ondo sentitu gabe... niretzat erronka handia zen. Sailkapenean, bigarren jaitsieran, bai etorri zitzaidan presio hori, baina ez zen pentsamendu egokia. Hori nola irauli eta maneiatu nuen asko gustatu zitzaidan. Finalerdietako gau horretan ez nuen lorik egin, urduri nengoelako eta, gainera, ez nuelako oso argi ikusten zirkuitua ateratzeko gai izango ote nintzen. Nahiz eta ondo egon ez, lan txukuna egin nahi nuen; ez dut inoiz etsitzen, beti borrokatzen dut azken unera arte, eta, nik nire buruari jartzen diodan presio hori, niretzat gogorrena izaten dena, baneukan. Emozionalki horren kudeaketa egitea ere ez da erraza, baina, egia esan, harrigarriki, jaitsiera guztian jakin nuen hori guztia ateratzen.

Esan al daiteke zailtasunen aurrean hazi egiten zarela?

Ez da hazi egiten naizela, horrela atera da [barrezka]. Nik nire aldetik daukadan guztia jarri dut ateratzeko. Munduko Txapelketa honen atarian zailtasun asko egon dira, ez dira aste errazak izan. Augsburgeko kanalean ezin izan ditut ordu asko sartu, urte guztian ez naizelako hara joan entrenatzera eta han egon ginenean ere ur murrizketak egon zirelako eta egun batzuetan kanalean entrenatu gabe geratu bainintzen... Entrenamendu bakoitzean nire %100a eman nuen ondo fokalizatzeko eta entrenamendu orduei ahalik eta probetxu gehien ateratzeko. Hori entrenatuta dago, buruan. Gero, baina, txapelketan atera egin behar da, eta, esan bezala, batzuetan gauzak ez dira ateratzen eta beste batzuetan bai. Buelta gehiago ezin zaizkio eman. Hau nik jada pasata bezala uzten dut; badakit hurrengo txapelketetan zerotik hasi beharra dudala. Munduko Txapelketan bosgarren izan arren, nire entrenamenduen isla ez da hori. Asko kostatzen ari zait eta horren oso kontziente izan behar dut.

Sorbaldak nola eutsi dizu hain denbora laburrean hainbeste jaitsiera egitean?

Ba oso ondo eutsi dit. Entrenamenduetan ere ondo eusten zidan. Hori bai, gorputzak ohi baino errekuperazio gehiago behar zuen. Karga guztiak kontu handiarekin eraman ditugu, errekuperazioak ere bai eta sorbaldak eusti du. Hona itzuli naiz eta ondo dago, baina oraindik hobeto egon behar du.

«Entrenamendu bakoitzean nire %100a ematen dut entrenamendu orduei ahalik eta probetxu gehien ateratzeko»

Otsailetik markatu zenuen egutegian Munduko Txapelketa, jakin gabe errekuperazio epeak nola joango ziren. Iritsiko ez zinen sentsazioa izan al duzu inoiz?

Askotan. Gauza bat da buruak zer nahi duen eta beste bat gorputzak zer esaten duen. Esan bezala, lehendabiziko jaitsiera luzeak txapelketaren aurreko astean egin nituen, txapelketa baten simulazioa egin genuenean. Augsburgera joan baino lehenago Ivreara joan ginen; bertan Munduko Junior Txapelketa zegoen eta komeriak izan nituen hango ibaian ibiltzeko. Augsburgera joan ginenean lehen saio horietako bat nire bizitzako entrenamendu okerrena izan zen, Xabik [Etxaniz, bere entrenatzailea] baieztatuta. Egokitzapena pixkanakakoa izan da. Maniobra errazenekin hasi ginen eta azken egunetan apur bat gehiago konplikatzen joan ginen. Nahiko justu iritsi ginen, erlojuaren aurka baina jakinda azken unera arte saiatu egingo ginela.

Maialen Chourraut, Augsburgoko Munduko txapelketan. (@BATBASQUETEAM)

Emozionalki zer eman dizu Munduko Txapelketa honetan lehiatzeak?

Niretzat garrantzitsua izan da, ez nuelako urte hau hutsean utzi nahi. Goi mailan lehiatzea nahi nuen, ez ahazteko zer den, eta iritsi izanak indartu egiten nau. Munduko Txapelketa ondo ateratzea eta, gainera, extreme modalitatea ere uztartuta eta bertan ere uste baino hobeto arituta... Hasi naiz kontaktu hori edukitzen eta motorrak berotzen aurtengo denboraldi erdia betetzeko. Poz handia ematen dit, baina oso kontziente naiz oraindik ondo ez nagoela, emaitza hau ez dela izan oraingo entrenamenduen isla. Espainiako Txapelketa eta Munduko Kopa geratzen zaizkit eta horietan zerotik hasiko naiz, beste istorio bat dira. Hemen ondo egiteak ez du esan nahi hurrengo txapelketetan, denbora gehiago pasa izanagatik, hobeto arituko naizenik.

Diozu uneotan ez zaudela zure mailarik onenean. Demagun Maialenen mailarik onena 10 bat dela, bada, zein puntutan zaude orain?

Galdera hori askotan egiten diot Xabiri prozesu honetan guztian eta azkenaldian galdetu nionean, 7,5 erantzun zidan. Orain daukadan nabigazio modua gustatzen zaiguna da eta horrek apur bat ilusionatu egin gaitu. Baina oraindik konfiantza asko landu behar dut uretan, alderdi fisikoa ikaragarri, erresistentzia ere bai... Ez daramat urtea hutsean, otsailera arte entrenatzen aritu nintzelako, baina hurrengo hilabeteak galdu nituen.

Eta kasik urte oso bat lehiatu gabe. Tokioko Olinpiar Jokoetatik.

Bai, gu lehiatzen hasten gara otsaila-martxoan. Denboraldi erdia galdu dut baina jada txapelketan nago eta ez dut pentsatu behar zer galdu dudan, zer ez dudan galdu. Denboraldia bukatzen denean jende askok deskantsu bat hartuko du baina nik ezin dut, nire denboraldia hurrengoarekin elkartuko da Londreseko Munduko txapelketara ahalik eta ondoen iristeko.

«Orain daukadan nabigazio modua gustatzen zaiguna da eta horrek apur bat ilusionatu egin gaitu»

Erronka nagusia 2024ko Olinpiar Jokoetarako txartela lortzea izango da, noski, baina aipatu dituzu Espainiako Txapelketa eta Munduko Kopa ere. Zer asmo dituzu?

Urtea bukatzeko lau txapelketa geratzen zaizkit. Espainiako Txapelketa, Munduko Kopako bi proba eta Londresko txapelketa bat. Horiekin bukatuko dut txapelketen fasea, baina entrenatzen jarraituko dut 2023ra begira prestatzeko.

Maialenen 10eko maila hori lortzeko?

Parisera 10eko mailan iristeko, esan dezagun. Txapelketa horietara ez noa emaitza baten atzetik, nabigazio modu baten atzetik baizik. Eta helburua horixe izango da gaur, bihar eta hemendik urtebetera. Hori bai, hemendik urtebetera plaza olinpikoa lortu behar dut, bai edo bai. Nire ametsa Parisera iristea da eta horrek ematen dit indarra egunerokotasunari aurre egiteko. Aldi berean, entrenatzea asko gustatzen zait eta nahiko ondo daramat dena [barrez].

Eta noiz hartuko duzu pala handia?

Ez dakit. Pala modeloz aldatu nuen ebakuntzaren ondoren eta hiru tamaina dauzkat. Saiatu nintzen ertainarekin, baina handi egiten zait. Txapelketa baino hiru egun lehenago txikira itzuli nintzen eta horrekin geratu. Txikiarekin dauzkadan keinuak asko gustatzen zaizkit, baina indar puntua falta da. Hori guztia ikusten joango gara, zalantza asko ditugu eta denborak esango digu.