NAIZ

Gipuzkoako Plataforma Antitaurinak zezenketen kontrako manifestazioa deitu du larunbatean

Zezenketak Donostiako Aste Nagusira itzuliko dira aurten, eta hauen aurkako protestak ere bai. Gipuzkoako Plataforma Antitaurinak manifestazioa deitu du larunbat arratsaldean, Udalari beste behin eskatzeko zezenketak baimentzeari utz diezaion.

Zezenketen kontrako protesta 2016an, Illunberen parean.
Zezenketen kontrako protesta 2016an, Illunberen parean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Bi urteko geldialdiaren ostean Donostiako Aste Nagusira itzuliko dira zezenketak eta hori gaitzesteko deia egin du Gipuzkoako Plataforma Antitaurinak. Manifestazioa egingo dute larunbatean 18.00etan, Bulebarretik hasita.

«Manifestazioa antolatu dugu aurten ere udal gobernuak, herritarron borondateari jaramonik egin gabe, Illunben zezenketak egitea ahalbidetu duelako», jakinarazi du ohar baten bidez zezenketen kontrako taldeak.

Aurten, hiru zezenketa egingo dira Illunben, larunbatean, igandean eta astelehenean. Inoiz baino gutxiago dira: 2019ko Aste Nagusian lau egin ziren, 2018an bost eta 2017an lau. 2011an, EH Bilduren udal gobernuak zezenketak debekatu baino bi urte lehenago, bost egin ziren Donostiako Aste Nagusian.

Donostiako Udalak Aste Nagusiko egitarau ofizialetik kanpo mantentzen ditu zezenketak baina «hori ez da nahikoa», Gipuzkoako Plataforma Antitaurinaren ustez: «Tamalgarria da Donostiako gobernuak festetan animaliekiko tratu txarrak onartzea, zezenketarik nahi ez duten herritar gehienen iritziaren kontra».

Udalaren ardura

Gipuzkoako Plataforma Antitaurina osatzen duten dozenaka eragileek salatu nahi dute Eneko Goiak zuzendutako udal gobernuak herri-galdeketa bat egiteko konpromisoa hartu zuela, «eta ez duela inolako gogorik herri-galdeketa hori egiteko debekuak ezarri zuen oztopoa gainditzeko».

«Are gehiago, salatu nahi dugu debeku horren atzean ezkutatzen dela zezenketetan duen erantzukizuna saihesteko», baieztatu du plataformak.

Gogorarazi du Donostiako udal gobernuaren esku dagoela hirian zezenketa gehiago ez egitea, baina debekatzen ez duen bitartean, mobilizazioekin segituko duela ohartarazi du. Hori horrela, larunbatean manifestazioa deitu dute 18.00etan Bulebarretik hasita eta, halaber, hilaren 14an eta 15ean elkarretaratzeak egingo dituzte Illunberen parean, 17.00etan.