NAIZ

Barragan, Beristain, Giroud eta Guzman, Horizontes Latinos sailean lehian

Ana Cristina Barragan, Natalia Beristain, Pavel Giroud, Patricio Guzman, Carlos Lechuga, Mariano Biasin, Fabian Hernandez, Juan Pablo Gonzalez eta Carolina Markowicz dira Zinemaldiko Horizontes sailean lehiatuko diren izenetako batzuk.

Carlos Lechugak ‘Vicena B.’ filma aurkeztuko du lehiara.
Carlos Lechugak ‘Vicena B.’ filma aurkeztuko du lehiara. (ZINEMALDI)

Ana Cristina Barragan, Natalia Beristain, Pavel Giroud, Patricio Guzman, Carlos Lechuga, Mariano Biasin, Fabián Hernández, Juan Pablo Gonzalez, Carolina Markowicz, Manuela Martelli, Valentina Maurel eta Andres Ramírez Pulido dira aurten Horizontes Latinos sailean parte hartuko duten izenak. Horrela iragarri dute ostegun honetan Zinemaldiko arduradunek.

Argentinan, Brasilen, Txilen, Kolonbian, Kuban eta Mexikon kokatutako hamabi istoriok osatuko dute Horizontes Latinos saila, Latinoamerikan osorik edo partzialki ekoitziak diren –espainiar Estatuan ikusi gabeak– eta jatorri latinoamerikarreko zinemagileek zuzendu dituzten edota munduko gainerako lekuetako komunitate latinoamerikarrak esparru edo gaitzat dituzten urteko film luzeen hautaketa. Horizontes sarirako lehian ariko diren filmen hautaketan WIP Latam sailaren azken edizioko lau lan daude: ‘Dos estaciones’, ‘La piel pulpo’, ‘Un varón’ eta ‘Vicenta B’.

Ana Cristina Barragan zuzendari eta gidoilaria (Quito, 1987), Elías Quejereta Zine Eskolan sorkuntza-graduondoko bat ikasi zuena, Donostiara itzuli da ‘La piel pulpo / Octopus Skin’ lanarekin, WIP Latamen 2021eko edizioan parte hartu zuena eta saila itxiko duena. Egileak Horizontes Epaimahaiaren Aipamen Berezi bat lortu zuen bere lehen film luzearekin (Alba, 2016). Zuzendariaren azken proiektua, ‘La hiedra’, Ikusmira Berriak egonaldi-programaren parte da aurten.

Mariano Biasin argentinarrak (Buenos Aires, 1980) ‘Sublime’ aurkeztuko du, bere lehen film luzea, Berlinaleko Generation 14plus sailean izan ondoren. Natalia Beristain (Mexiko Hiria, 1981) zuzendariaren hirugarren film luzea –‘Ruido / Noise’– ere hartuko du, mundu estreinaldi gisa, Horizontes Latinos sailak; egilea Veneziako Settimana Internazionale della Critica atalean lehiatu zen No quiero dormir sola (2012) bere lehen filmarekin. ‘Ruido / Noise’ filmak Mexikoko genero indarkeriaren gurpil zoroan murgiltze mingarria da, desagertutako alabaren bila dabilen ama baten bitartez bizitakoa.

Pavel Giroudek (Habana, 1973) ‘Omertà’ (2008) Donostia Zinemaldiko Euskal Zinemaren Egunean estreinatu zuen eta Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren saria ere jaso zuen ‘El acompañante’ (2013) proiektuagatik; ‘El caso Padilla / The Padilla Affair’ aurkeztuko du oraingoan, Heberto Padilla poeta kubatarraren inguruko ez-fikziozko lan bat.

‘Un varón’, Fabian Hernandezen (Bogota, 1985) lehen film luzea, Horizontes saria eskuratzeko lehiatuko da Cannesko Quinzaine des Réalisateurs atalean estreinatu ondoren. ‘Un varón’, gainera, iaz WIP Latam sailean hautatutako filmetako bat izan zen.
2021eko WIP Latamen hautatu zuten –eta hori baino lehen, proiektu gisa Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan, 2019an–, halaber, ‘Dos estaciones’, Juan Pablo Gonzalez mexikarraren (Jalisco, 1984) lehen film luzea, Sundance zinema-jaialdiko World Cinema Dramatic Competition lehiaketan parte hartu zuena; film horretan parte hartu zuen Teresa Sanchez aktoreak, izan ere, antzezlan onenaren Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zuen jaialdi horretan.

Patricio Guzman (Santiago, Txile, 1941) Donostia Zinemaldira itzuliko da bere azken filmarekin, ‘Mi país imaginario / My Imaginary Country’ izenekoarekin Cannesko zinema-jaialdiko Special Screening sailean aurkeztu ondoren; izan ere, aurtengo Horizontes Latinos lehiaketa inauguratuko du.

Carlos Lechugak (Habana, 1983) jada hartu izan du parte Horizontes Latinos sailean, zehazki, 2016an ‘Santa y Andres’ pelikularekin, eta orain Vicenta B. lanarekin itzuliko da, 2021ean WIP Latam onenarentzako EGEDA Platino Industria saria jaso eta gero.
Carolina Markowiczen (São Paulo, 1982) ere lehiatuko da Horizontes saria lortzeko; hala, ‘Carvão / Charcoal’ bere lehen film luzearekin izango da Donostian, aurten Toulouseko Zinema Eraikitzen sailean hautatua izan ondoren.

Manuela Martelli txiletarrak (Santiago, 1983) bere lehen film luzea aurkeztuko du Donostian. ‘1976’ Cannesko Quinzaine des Réalisateurs atalean estreinatu zen, Ventana Sur Proyecta 2018 eta Zinema Eraikitzen (2022, Toulouse) ekimenetan hautatua izateaz gain.

Valentina Maurel costarricarrak (San José, 1988)  Zinemaldian aurkeztuko du aurten bere lehen lana, ‘Tengo sueños eléctricos’, 2021ean Proyecta ekimenerako Jardín en llamas izenarekin hautatua, Locarnon izan ondoren.

Azkenik, Andres Ramírez Pulidoren (Bogotá, 1989) ‘La jauría’ Horizontes saria irabazteko lehiatuko da, Zinema Eraikitzen (Toulouse) sailean eta Cannesko Semaine de la Critique atalean egon ondoren (Grand Prix saria eta SACD saria jaso zituen Cannesen).

Horizontes Latinos saileko filmak Horizontes saria lortzeko lehiatuko dira. Sari horrek 35.000 euro ematen dizkie zuzendariari eta film irabazlearen espainiar Estatuko banatzaileari. Horizontes Latinos Sariaren epaimahaiak du film horiek baloratu eta saritzeko ardura.

Horizontes Latinos sailaren barnean zuzendariaren lehen edo bigarren filmak (aurten, ‘1976’, ‘Carvão’, ‘Dos estaciones’, ‘La jauría’, ‘La piel pulpo’, ‘Sublime’, ‘Tengo sueños eléctricos’ eta ‘Un varón’) Gazteriaren TCM Sarirako ere lehiatuko dira; 18-25 urteko 150 ikaslez osatutako epaimahai batek ematen du saria.