NAIZ

«Azkarra, bertikala eta elektrikoa» izango den Osasuna espero du Arrasatek Sevillaren aurka

Sadarrek estreinatuko du futboleko 2022-2023 denboraldia. Sevilla jasoko du ostiral honetan (21.00etan) eta Jagoba Arrasate entrenatzaileak adierazi duenez, bere taldea «bertsio onena» emateko zentratua dago. Ruben Garcia, Aridane, Barbero eta Areso deialditik at geratu dira.

Jagoba Arrasate txapelketaren lehen asteko entrenamendua zuzentzen.
Jagoba Arrasate txapelketaren lehen asteko entrenamendua zuzentzen. (CA OSASUNA)

Jagoba Arrasate Osasunako entrenatzaileak txapelketa aurreko lehendabiziko prentsaurrekoa eman du ostiral honetan eta bertan adierazi du bere taldeak «bertsio ona» eman nahi duela lehendabiziko jardunaldi honetan, Sevillari ezustekoa eman asmoz.

«Taldea ilusioz gainezka, itxaropentsu eta gogotsu dator. Ikusiko dugu nolako maila ematen dugun, eta ziurgabetasun horrekin gaude, denboraldi-aurre baten ondoren inoiz ez dakizulako nola zauden. Horren gainetik, denboraldi on bati aurre egiteko ilusioa dago», azaldu du.

Era berean, bere jokalariak iristen diren sasoi fisikoaz hitz egin du: «Aurrera egingo dugu. Lehen egunean ez zaude oso ondo. Bero handia egingo du eta bost aldaketekin partidaren gidoia pixka bat aldatzen dela uste dut. Erritmo altuari eusten saiatu behar dugu Ligako aurkari indartsuenetako bati aurre egiteko».

Hala, Ruben Garcia ez dago oraindik jokatzeko moduan eta ez dago deialdian. Zerrendatik kanpo geratu dira baita ere Aridane (ama hil zaio), Barbero eta Areso, arrazoi teknikoengatik.

«Arerioak exijitu eta mugara eramango gaitu. Edo partida ona egiten dugu edo ez dugu aukerarik izango», adierazi du. Modu berean, aurkariaren atera asko iristea espero du Berriatuako prestatzaileak eta bere taldea «azkarra, bertikala eta elektrikoa» izatea nahi du. bere taldea aurkariaren atera asko iristea espero duen entrenatzaileak, azkarrak, bertikalak eta elektrikoak izanda.

Arrasatek bere sentsazioak azaldu ditu txapelketa hasi bezperan: «Badakigu zein den gure bertsiorik onena eta oraindik ez gaude bertan. Ea gai garen partida garbi bat egiteko eta akatsik ez egiteko, horrelako taldeen aurka garesti ordaintzen baita».

Ziurgabetasuna erakutsi du lehen proba honengatik, eta ziur asko biziko duten tenperatura altua aipatu du, kontuan hartu beharrekoa, zaila egingo baitu erritmo altuari eustea norgehiagokaren zati handi batean.

«Ulertzen dut prest gaudela, baina batzuetan aurkaria, exijentzia eta partida nolakoa den kontuan hartu behar da. Itxura fisikoari dagokionez, guk egon behar dugun moduan gaudela ulertzen dut», jarraitu du prestatzaile gorritxoak.

Sevillari dagokionez, Arrasatek esan du talde andaluziarra ezaguna dela. Talde «indartsua, ondo landua eta fidagarria» espero du. «Aukera asko ditu. Egia da bi erdiko atzelari galdu dituela, baina aurkari oso gogorra espero dut», zehaztu du.

Julen Lopetegiren taldean hutsune nabarmenak Kounde eta Diego Carlos atzelarienak dira, hauek sekulako sendotasuna ematen baitzien defentsa arloan. Erdiko atzelarien postuari dagokionez, fitxaketa bakarra egin du, Marcaorena, baina oraindik ez du debuta egin, min hartuta baitago. Hala, Sadarren ere ez da egongo.

Isco Alarcon –hau ere Sevillara iritsi berria– eta Suso Fernandez dira Julen Lopetegiren beste bajak ostiral honetako partidara begira. Egin dituen fitxaketetatik, Alex Tellesek egin dezake debut ofiziala. Rafa Mir aurrelaria ere jokatzeko moduan dago.