NAIZ

1912an hil ziren 143 arrantzaleak omendu dituzte Bermeon Galerna Egunean

1912ko galernatik 110 urte bete direnean, Galerna Taldeak, Bermeoko Udalaren laguntzarekin, tragedia honetan hil ziren 143 arrantzaleak –euretatik 116 bermeotarrak– omendu dituzte beste urte batez. Ezbeharra gogoratzeko lora-eskaintza eta prozesioa egin dira.

1912ko galernan hildakoak gogoratzeko kandelak piztu dituzte.
1912ko galernan hildakoak gogoratzeko kandelak piztu dituzte. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bermeoko Galerna Taldeak, Udalaren laguntzarekin batera, Galerna Eguna ospatu du ostiral honetan, 1912ko galernan Matxitxakoko lurmuturretik 45 miliatara arrantzan zeuden eta bizia galdu zuten 143 arrantzaleak –euretatik 116 bermeotarrak– omentzeko. Besteak beste, ezbehar hau gogorarazteko lore eskaintza eta prozesioa egin dira.

Azpimarratu dutenez, 1912ko galerna XX. mendeko «lan istripurik handiena izan zen gure mugetan» eta, hori dela eta, 110 urte betetzen direnean, Bermeoko herriak arrantzale horiei guztiei eta euren bizitza aurrera atera behar izan zuten familiei omenaldi txiki bat egin die.

Ekitaldia 21.00etan hasi da Olatu kaian Kankinkabara Txistu Taldearekin batera egin den prozesioarekin. Ondoren, Serrats kontserba enpresak kandelak banatu ditu.

1912ko galernan hildako 143 arrantzaleak omentzeko, itsasontzi tradizionalak uretaratu dira eta gaueko 21.30ean itsasontzien prozesio isila egin dute. Azkenik, ordu horretan bertan, lore eskaintza egin dute ekitaldi hunkigarri batean.

Ekitaldi honekin, antolatzaileek gogoratu nahi izan dute «gure arrantzaleak, gure historiaren momentu garrantzitsua eta itsasoarekin dugun lotura», adierazi du Bermeoko Kultura zinegotzi Alazne Zumetak.