Laboral Kutxa Udako Torneoak ezagutzen ditu dagoeneko finalistak. Horiek dira Maddalen Etxegarai-Enara Gaminde eta Amaia Aldai-Andrea Capellan. Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan ezagutu ziren finalistak larunbatean jokatutako jaialdian.
Lehenengoek erraz xamar irabazi zieten Leire Garai eta Itxaso Erasuni (22-7) eta Aldai-Capellanek, ordea, lan ikaragarria egin behar izan dute Olatz Arrizabalaga-Uxue Osesi 22-17 gailentzeko. Ikusitakoaren arabera, final handia eta orekatua geratu da Aitzuri pilotalekurako.
Lehen finalerdian azken emaitzak iradoki dezakeena baina tanto piloteatu eta gogorragoak jokatu behar izan zituzten oñatiarrak eta Laukizkoak garaipena eskuratu ahal izateko. Hori bai, oso bikote indartsua osatu zuten, aurrelariak errematean asmatu eta atzelariak, eusteaz gain, tantoak atzetik amaitzen ere gaitasun handia erakutsiz. Garaik eta Erasunek ez zuten partida txarra jokatu, baina piloteo luzeen ostean tantoak ia beti aurkarien aldera erortzen joan ziren eta horrek ere ez zien batere lagundu.
Baina jaialdiak goia bigarren finalerdian jo zuen, Aldai-Capellan eta Arrizabalaga-Osesek sekulako partida eskaini baitzuten. Laurak maila bikainean aritu ziren, partida oso luze eta borrokatua jokatuz, pilotariek sarri jo behar izan zuten atseden setera haizea hartu eta gorputzari buelta ematen saiatzera.
Bi aurrelariek sekulako tiki-taka izan zuten aurreko koadroetan eta markagailuan gora-behera handiak izan ziren, baita sei berdinketa ere, azkena hamazazpina. Aldai eta Arrizabalagaren arteko demak beti izaten dira bereziak, baina Hondarribian beti gertatzen ez den zerbait eman zen, biak aritu ziren euren mailarik onenetik oso gertu eta sekulako ikuskizuna eskaini zuten; dejadak, moztutako pilotak, aireko jokoa…
Aldea, ordea, sakearekin egin zuen Amaia Aldaik, azkenerako 8 tanto sartu zizkion lehen pilotakadarekin Osesi eta hori, halako partida orekatuan, erabakigarria izan zen.