NAIZ
Mexiko Hiria

Ayotzinapako sarraskia «Estatu krimena» izan zela ondorioztatu du Mexikoko Egiaren Batzordeak

Ayotzinapako 43 ikasle mexikarren desagerpena «Estatu krimena» izan zen, maila guztietako agintariek parte hartu baitzuten, Egiaren eta Justiziarako Sarbidearen Batzordeak behin behinean ondorioztatu duenez. Ez dago gazteak bizirik daudela dioen inolako zantzurik.

Ayotzinapako gazteak gogoratzeko manifestazio bat. (Pedro PARDO/AFP)
Ayotzinapako gazteak gogoratzeko manifestazio bat. (Pedro PARDO/AFP)

«2014ko irailaren 26tik 27rako gauean Ayotzinapako Isidro Burgos irakasle eskolako 43 gazteen desagerpena Estatu krimena izan zen, eta bertan Guerreros Unidos gaizkile taldeko kideek eta Mexikoko Estatuko hainbat erakundetako agenteek esku hartu zuten», adierazi du Alejandro Encinasek, Gobernuko mexikarreko Giza Eskubideen idazkariordeak, prentsaurreko batean.

2018an sortu zen, Andres Manuel Lopez Obrador presidentearen aginduz, Guerrero estatuan (hegoaldea) desagertu ziren 43 ikasleen auzia argitzeko batzordea eta lehen ondorioak aurkezteko agerraldia egin du Encinasek.

Batzordeak ondorioztatu du, halaber, maila goreneko agintari federalen eta estatalen jarrera «arduragabea» izan zela eta, are gehiago, benetan gertatu zenetik urrun dauden ondorioak ezartzeko «gertakariak eta inguruabarrak aldatzea» ere leporatu die.

«Egin zutenak, egin ez zutenak eta beraien esku hartzeak ahalbidetu zuen ikasleak desagerrarazi eta exekutatzea, eta bai beste sei pertsona hiltzea ere», nabarmendu du Encinasek agintarien inguruan, tartean Armadako eta udaltzaingoetako kideak sartu dituela.

Era berean, aitortu du ez dagoela «zantzurik» ikasleetako bat ere bizirik dagoela pentsatzeko, eta gau horretan Igualako autobus geltokian banandu zirenetik «ez zirela elkarrekin egon».

2014ko irailaren 26an desagertu ziren Ayotzinapako landa-maisuen eskolako 43 ikasleak, 1968ko urriaren 2an Tlatelolcoko sarraskian hil zituzten ikasleak gogoratzeko Mexiko Hirian egitekoa zen manifestaziora zihoazela.

Enrique Peña Nietoren Gobernuak (2012-2018) «egia historikoa» deitu zion gertakarien inguruko bertsioari, zeinaren arabera polizia ustelek ikasleak atxilotu eta Guerreros Unidos kartelaren esku utzi zituzten. Ondoren, betiere adituek ezinezkotzat jo duten bertsio honen arabera, talde horrek Coculako zabortegian hil eta erraustu zituen gazteak, gero hondakinak San Juan ibaian botatzeko.

Aurrez familiek, Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak (CIDH, gazteleraz) eta azken honek sortutako GIEI Aditu Independenteen Diziplinarteko Taldeak egin bezala, Lopez Obradorren Administrazioak gezurtatu egin du «egia» hura. Denak bat datoz esaterakoan gorpu haiek ezin izan zituztela toki horretan erre.