NAIZ

Manu Garciaren itzulerak bereganatuko ditu foku guztiak Alaves-Mirandes norgehiagokan

Alaves eta Mirandes taldeen arteko norgehiagoka jasoko du Mendizorrotzak ostiral honetan (22.00) baina ligako bigarren jardunaldiari hasiera eman aurretik, Manu Garcia babazorro ohiak erakarriko ditu foko guztiak, omenaldia jasoko baitu. Gasteiztarrak Mirandeseko elastikoa defendatuko du aurten.

Manu Garcia, Mendizorrotzako prentsa aretoan, bere agur prentsaurrekoan.
Manu Garcia, Mendizorrotzako prentsa aretoan, bere agur prentsaurrekoan. (Endika PORTILLO | FOKU)

Mendizorrotzak ez du nolanahiko denboraldi hasiera edukiko. Bigarren Mailako bigarren jardunaldia jasoko du, talde gasteiztarra eta Mirandes neurtuko dituena, baina hori hasterako estadioko harmailetan txalo hotsek goia joko dute. Manu Garcia Alaveseko jokalari ohia itzuliko da Mendizorrotzara, talde utzi eta kasik urtebetera, Mirandeseko elastikoa defendatuz.

Aris Limassol Txipreko taldean eman zuen aurreko denboraldia eta aurtengorako, Joseba Etxeberriak zuzentzen duen taldearekin fitxatu du. Garaiz iritsi da Mirandara, elastiko berria jantzi eta Gasteizera, bere hirira, hainbeste bizipen eskaini dion estadiora itzultzeko.

Klubari hainbeste eman dion jokalariari «eskertza» egin asmoz omenduko du Alavesek bere kapitain historikoa. Talde babazorroaren elastikoa historian gehien jantzi duen bigarren jokalaria da gasteiztarra eta beraz, 308 zenbakidun kamiseta oparituko dio Alavesek.

2012tik 2021. urtera arte jokatu zuen Manu Garciak Alavesen. Bigarren B mailatik Lehen Mailara igoarazi eta gorengo mailan utzi zuen bere «bihotzeko taldea». Iazko udaran Txipreko Aris Limassolen nazioarteko esperientzia bizi zuen eta aurten etxetik hurbilago egotea erabaki du.

Joseba Etxeberriak zuzentzen duen Mirandesen jokatuko duela iragarri zuen duela egun batzuk eta Mendizorrotzan egin lezake debuta Mirandako taldearekin.

Garaipena Leganesen

Alavesek modu bikainean hasi zuen denboraldia pasa den astean. Leganesen etxea 1-2 irabazi zuen, 75. minutuan Syllak eginiko gol bati esker. Berdinketatik gertu egon ziren etxekoak baina azken unean madrildarren gola baliogabetu zuen epaileak, VAR-ean begiztatu ondoren. Hala, lehendabiziko hiru puntuak batu zituen Luis Garcia Plazak zuzendutako taldeak.

Ostiral honetan 22.00etan, lehen jardunaldian berdinketa erdietsi zuen Mirandes jasoko du. Sportingen aurka irabazten hasi ziren Etxeberriaren gizonak baina lehen zatia bukatu aurretik berdindu zuten asturiarrek.

Denboraldia hasi besterik egin ez den honetan, babazorroen asmo nagusia Lehen Mailara itzultzea izanik, beste garaipen bat pilatu nahiko dute, oraingoan beren zaleen babesean. Nikola Maras serbiarrak debuta egin lezake eta Victor Laguardiaren etorkizuna Gasteiztik kanpo egon daiteke, zenbait medioek adierazi dutenez.

Alaveseko entrenatzaile Luis Garcia Plaza pozik agertu da ostegun honetan, partidaren bezperan, emandako prentsaurrekoan. Adierazi du bere lana ez dela aldatzen garaipen baten ostean eta Mirandesen arriskuez ohartarazi nahi izan du. Bere ustetan, «ordu erdi oso ona» egin zuen Sportingen aurka.

«Beste partida bat da, gure zaleekin eta gure jendearekin egoteko gogoa dugulako», onartu du prestatzaileak. Mirandeseko jokalari asko beste taldeek utzita daudela nabarmendu zuen, filosofia horrekin urte asko pilatu duelako eta beti ateratzen zaiolako ondo. «Zenbait talderi ezusteko asko eman izan die», abisatu du.

Lehen jardunaldia errepasatu du eta Butarqueren lehen zatia oso ona izan zela esan du, menderatzaileak izan zirelako eta aurkariaren zelaian jokatu zutelako. «Bigarren zatian ez genuen baloirik izan eta sufritu egin genuen. Oso erraz galtzen genituen baloiak, baina sufritzen jakin genuen», laburtu du.

Hori horrela, bere taldeak hobetzeko gauza asko dituela onartu du. «Denbora luzeagoan egonkorragoak» izatea gustatuko litzaioke, «nortasuna falta zaigu arriskatzen jarraitzeko».

Aulkitik atera ziren jokalariak asko gustatu zitzaiola gaineratu du: «Atera zen jendeak asko eman zigun, eta Bigarren Mailan aulkia oso garrantzitsua da».

Ez du merkatuari buruzko iritzirik eman nahi, eta amaitzen duenean egingo du, oso aldakorra izan daitekeelako.