NAIZ

Dardenne anaiak, Hansen-Løve, Iñarritu, Koreeda, Mungiu eta Östlund, Zinemaldiaren perlak

Perlak sailak zinematografia garaikideko izen garrantzitsuenetako batzuen azken filmak bilduko ditu aurten. Dardenne anaiak, Mia Hansen-Løve, Alejandro González Iñarritu, Hirokazu Koreeda, Cristian Mungiu, Ruben Östlund eta François Ozon, besteak beste.

‘Peter von Kant’, François Ozonen azken lana, Berlinale jaialdian estreinatu zen.
‘Peter von Kant’, François Ozonen azken lana, Berlinale jaialdian estreinatu zen. (ZINEMALDIA)

Zinemaldiak aurtengo Perlak sailaren edukia iragarri du ostiral honetan. Espainiar Estatuan oraindik eman ez diren eta kritikariek goraipatu edo nazioarteko beste zinema jaialdi batzuetan saritu dituzten filmek osatutatzen dute atal hau. Zinematografia garaikideko zinemagile garrantzitsuenetako batzuen azken filmak bilduko ditu aurten, hala nola hauenak: Dardenne anaiak, Mia Hansen-Løve, Alejandro Gonzalez Iñarritu, Hirokazu Koreeda, Cristian Mungiu, Ruben Östlund eta François Ozon.

Jean-Pierre (Engis, 1951) eta Luc (Awirs, 1954) Dardenne anaia belgikarrak, Cannes Urrezko bi Palmorri irabazi dituztenak, lehendabizikoz ariko dira lehian Donostia Hiriko Publikoaren Saria eskuratzeko ‘Tori et Lokita / Tori and Lokita’ filmarekin (75. urteurreneko saria Cannesko jaialdian).

Louis Garrel (Paris, 1983) aktore, idazle eta zinemagileak gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria irabazi zuen Donostian ‘L'homme fidèle’ (2018) bere bigarren film luzearekin, trilogia baten lehen zatiarekin, hain justu. Bigarren zatia, ‘La croisade’ (2021), Perlak sailean hautatua izan zen Cannesko zinema-jaialdian izan ondoren; hirugarren zatia ‘–L'innocent / The Innocent–’, azkenik, Donostiara itzuliko da Cannesen izan ondoren.

Sail Ofizialean ‘Eden’ filmarekin lehiatu ondoren (2014) eta ‘L'avenir / Things to Come’ (2016) lanarekin Perlak sailean hautatua izan ondoren, Mia Hansen-Løve (Paris, 1981) Zinemaldira –zehazki, ikus-entzuleak epaimahaikide diren sailera– itzuliko da ‘Un beau matin / One Fine Morning’ pelikularekin; Cannesko Quinzaine des Réalisateurs atalean Europa Cannes Label saria eskuratu zuen zuzendari frantsesaren lan berriak.

Oliver Hermanus (Lurmutur Hiria, 1983) zinemagile hegoafrikarrak Akira Kurosawaren ‘Ikiru’ (1952) filmaren remake britainiarra filmatu du, ‘Living’, jatorrizkoa estreinatu eta 70 urte geroago. Sundance jaialdian aurkeztu eta Veneziako sail ofizialeko lehianketaz kanpo hautatutako filmaren gidoia Literaturako Nobel saridun batek idatzi zuen, Kazuo Ishiguro jatorri japoniarreko idazle britainiarrak, hain zuzen ere. Halaber, Bill Nighy eta Aimee Lou Wood dira remake berriaren aktore nagusiak.

Bardo, falsa crónica de unas cuantas verdades / Bardo, False Chronicle of a Handful obrarekin hirugarrenez hartuko du parte Perlak sailean Alejandro Gonzalez Iñarritu (Mexico Hiria, 1963) mexikarrak, ‘Amores perros’ (2000) eta ‘Babel’ (2006) filmekin izan ondoren. Veneziako Mostran lehiatuko den film horrek kazetari eta dokumental-zuzendari mexikar batean ipintzen du arreta.

Hirokazu Koreeda zuzendariak (Tokio, 1962) Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartu izan du ‘Wandafuru raifu’ (After Life, 1998), ‘Hana yori mo naho’ (Hana, 2006), ‘Aruitemo, aruitemo’ (Still Walking, 2008) eta ‘Kiseki’ (I Wish, 2011; gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria). Japoniarrak, halaber, birritan jaso du Publikoaren Saria, zehazki, ‘Soshite chichi ni naru’ (Like Father, Like Son, 2013) eta ‘Umimachi Diary’ (Our Little Sister, 2015) filmekin. 2018an, Manbiki Kazoku (Shoplifters) filmak Urrezko Palmorria eraman zuen Cannesen, ingelesez besteko film onenaren Oscar sarirako izendatua izateaz gain, eta Koreedak, orobat, Donostia Saria jaso zuen. Broker zinemagile japoniarrak zuzendutako lehen ekoizpen hegokorearra da, eta haren protagonistak Song Kang-ho antzezleak, aktore onenaren saria jaso zuen Cannesen.

‘Corsage’ pelikulan, Marie Kreutzer zinemagile austriarrak (Graz, 1977) Sissiren istorioa berrikusten du, eta Austriako enperatrizak 40 urte bete zitueneko unea aukeratu du horretarako. Corsage Cannesko ‘Un Certain Regard’ sailean aurkeztu zen, eta Vicky Kriepsek antzezlan onenaren saria jaso zuen bertan.

Santiago Mitre (Buenos Aires, 1980), Paulina (2015) bere bigarren filmarekin Horizontes saria irabazi zuena, Donostiara itzuliko da aurten ‘Argentina 1985’ lanarekin. Veneziako zinema jaialdiaren lehiaketa ofizialaren parte da filma, eta Juicio a las Juntas (junten epaiketa) izenez ezagutzen dena berritu du, Mitrek berak Mariano Llinasekin batera idatzitako gidoiarekin, eta Ricardo Darín antzezlearen protagonista rolarekin.

‘Moonage Daydream’ –David Bowie abeslari eta artistaren unibertsoan murgildu den filma– izango da saila itxiko duen lana, Cannesko zinema jaialdian izan ondoren. Brett Morgen (Los Angeles, 1968) ‘On the Ropes, Jane y Cobain: Montage of Heck’ obraren sortzaileak, bost milioi artikulu baino gehiago arakatu zituen (marrazkiak, grabazioak, filmak, egunkariak...) ez-fikzio musikal hau eratzeko.

Cristian Mungiu zuzendari errumaniarrak (Iasi, 1968) Fipresci Sari Nagusia jaso zuen Donostian, ‘4 luni, 3 saptamâni si 2 zile’ (2007) filmagatik, eta ‘R.M.N.’ aurkeztuko digu oraingoan Perlak sailean, xenofobiari buruzko egilearen gogoeta, Cannesen lehiatu zena.

‘Peter von Kant’, François Ozonen (Paris, 1967) azken filma, joan den Berlinalen estreinatu zena, Perlak saila irekiko duen lana izango da. Ozonek, ‘Dans la maison‘ filmarekin (2012) Urrezko Maskorra eta gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria eskuratu eta ‘Le refuge’ (2009) lanagatik Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuenak, ‘Une nouvelle amie’ (2014) eta ‘Été 85’ (2020) obrekin Sail Ofizialean lehiatzeaz gain, Rainer Werner Fassbinderri omenaldia egin dio ‘Peter von Kant’ bere film berrian, Denis Ménochet, Hanna Schygulla eta Isabelle Adjani aktoreekin batera filmatu duena.

Perlak saileko hautaketan parte hartuko du, halaber, Cannesko azken zinema-jaialdiko Urrezko Palmorria eskuratu zuen filmak. Zehazki, Ruben Östlund (Styrsö, 1974) zinemagile suediarrak  luxuzko gurutzaontzi batean girotu du ‘Triangle of Sadness’ bere lan berria, burgesiari buruzko satira bat egiteko asmoz.

Hamabi film horiei beste bat gehituko zaie, jada iragarri diren honako hauez gainera: Rodrigo Sorogoyenen ‘As Bestas / The Beasts’, Cannesen hautatua; ‘Un año, una noche / One Year, One Night’, Isaki Lacuestarena, Berlinalen lehiatu zena; Juan Diego Bottok zuzendutako ‘En los márgenes / On the Fringe’, Veneziako Mostran programatua; eta ‘Los renglones torcidos de Dios / God’s Crooked Lines’, Oriol Pauloren ekoizpena, sailaren emanaldi berezi gisa erakutsiko dena.

Victoria Eugenia Antzokian, gainera, Pelikula Sorpresaren emanaldi bat ere egingo da.