Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Beldurra

«Badakit ez dela nire errua». Jaietan ziztada egin dioten emakume batek sare sozialetan eginiko salaketako hitzak dira.

Gau beltza. Atzetik nuen gizonezkoaren pausoak entzutean bihotza azkartu eta taupadak eztarritik atera beharrean sumatzen nituen. Gihar guztiak uzkurtuta. 19 urte nituen eta atzerrian nengoen denboraldi batez. Bidean kanposantuaren paretik pasatu behar izateak ere ez zuen laguntzen. Segundoek eta minutuek orduak bezainbat iraun zuten. Tamalez, gau gehiago egon ziren. Eta beti beldur bera.

Horrez gain, kontaezinak dira egunerokoan zein parranda giroan jasandako begirada likitsak, ukitu zikinak, komentario nazkagarriak...

Inpotentzia sentitu nuen handik urte gutxira Mexiko Hiriko metroan auskalo zenbat denboran auskalo noren eskuak –ezin jakin, hain zihoan bidaiariz beteta bagoia– hankartea behin eta berriz goitik beheraino igurtziz sentitu nituenean. Ezin mugitu. Ezin ezer egin. Eta ateratzean, bagoian etorri zen emakumearen irribarrea nire haserre aurpegia ikustean: «Ay m’hija, nabaria da ez zarela hemen bizi». Gero jakin nuen linea jakin batzuetan soilik emakumeek eta haurrek bidaiatzeko bagoiak zeudela, halabeharrez.

Ordurako ikusi eta ikasia nuen nire beldurra beste emakumeena ere bazela. Mendez mende patriarkatuak bere iraupenerako estrategian –egiturazkoa, sistematikoa– egindako amaraun sarean hazi eta hezi izanaren emaitza. Jazarpenaren gainean eraikitako jendartearen lorpena.

«Badakit ez dela nire errua». Jaietan ziztada egin dioten emakume batek sare sozialetan eginiko salaketako hitzak dira. Jakin badakigu... baina errudun sentiarazten gaituzte. Ondoan izan ditu –esker oneko agertu da–, babesa eskainiz, gertukoak eta militante feministak. Uda honetan erasoren bat jasan duten beste hainbatek bezala. “Beldurrak jai du gurekin” aldarrikatu du, ozen, Mugimendu Feministak herriz herri.

Beste hainbat bide hartuko dituzte –zein ote da bururatuko zaien hurrengo trikimailua?– gu kikildu, etxean gerarazi, festez eta espazio publikoaz nahi bezala goza ez dezagun. Alferrik dabiltza.